Hirugarren urtea izango du Hektor Orbek Kurutziaga ikastolako Artezkaritzako presidente lanetan. Berak ez ezik, Artezkaritzak erronka berriak izango ditu ikasturte berriagaz batera. Zeintzuk diren eta zelan aurre egingo dieten azaldu digu Orbek.
Garai zailenak badirudi joan direla. Non jarriko du orain indarra Artezkaritzak?
Behin pandemia gaindituta lan lerro nagusiak plan estrategikoan zehaztutakoei erantzutea izango da. Ikasturtea ondo hasi da eta gertatutakoa presente badugu ere, aurrera begiratu behar dugu, erronka handiak baititugu aurretik.
Eta zeintzuk dira lan lerro nagusiak?
Durangon erreferentziazko zentroa izaten jarraitu gura dugu eta familien partaidetza sustatu ikastolan; berrikuntza pedagogikoaren garapenean lan egin, inbertsio berriak planteatuz epe ertainean, lan talde gaitua izan, proiektu pedagogikoagaz eta ingurumenagaz konprometituriko ekimenak egiten jarraituz eta kalitatezko kudeaketa eta eskaintza egin.
Helburuak hor daude, baina testuingurua aldatu da.
2019an Ikastolak Plan Estrategikoa osatu zuen, eta lehenetsi genituen gaiak jorratuko ditugu. Alde batetik familien eguneroko kezkak hor daude eta helduko diegu. Baina bestetik, eta horregatik testuinguru aldaketa, Hezkuntza Lege berriaren atarian gaude, eta Kurutziagak bezala ikastola guztiek ekarpena egin beharko dute. Demografiaren beherakadak ere eragingo digu, krisi energetikoak ere eragina izango du…
Beraz, zein da ikastolak izango duen agenda?
Denak aipatzea zaila da baina epe laburrean, COVIDaren eraginez galdutakoak errekuperatzen joan edota egin ez genituenak gauzatzen hasiko gara. Gurasoak aktibatzen hasita, GO figuraren bitartez. Ondoren, ikasturtean zehar etorkizuneko ikastola diseinatzen joango gara (LH eta DBH), berrikuntza pedagogikoetan inbertitu, kanpo espazioa, teknologia berriak… Horrez gainera, euskarari bultzada emateko eskolaz kanpo eskaintza zabaldu eta birdefinitzen joan gura dugu; jasangarritasunean inbertitzen segi, eguzki plaken politikari jarraipena emanda; eta kudeaketa aurreratuan ere pausuak eman gura ditugu, kalitatean oinarritutako kudeaketa bultzatzeko.
Ez dira gauza gutxi, baina lan lerroak hortxe ditugu ikasturte honetarako. Ez dut esan hasieran baina ikasturte berri ona opa gura diet denei, gu gogotsu etorri gara eta Ikastolako edozein gairen inguruan kezkarik balego artezkaritza@kurutziagaikastola.eus helbidera idazteko gonbita luzatzen dizuet.