Atxondoko errepide bazterreko taberna batean errepideko kontuez berba egiten. Alaitz Biritxinaga Abadiano Kurutziagako gurasoa da, eta txirrindularitza zainetan du. Azken mende laurdena epaile lanetan egin du, baina iritsi zaio “ametsa” legez duena bizitzeko unea: Itzulia Women lasterketako zuzendaria izango da. Emakumeen Birari lekua hartu dion lasterketako lehen edizioan, lehen emakumea zuzendari. Barikuan hasi eta domekara bitarte hiru etapa jokatuko dituzte.
Zelan doaz lasterketa aurreko egunak?
Urduritasunez baino, ezjakintasun puntu horrek sorrarazten didan zera hori dut. Izan ere, inoin ere egin ez dudan lan bat egin behar dut. Ea zer gertatuko denaren urduritasuna dut. Gainontzean, ondo nago.
Zelan jaso zenuen zuzendari izatearen eskaintza? Zelan gauzatu da guztia?
Julian Erasok (gizonezko Itzuliaren zuzendaria) deitu zidan egun batean, txarto oroitzen ez badut gizonezkoen itzulia hasi baino astebete edo egun batzuk lehenago. Lasterketa hartan ere lan egin nuenez, deia ikusi nuenean pentsatzen nuen lasterketaren inguruan zerbait aipatzeko besterik ez zela izango. Eta berba egiten hasi ginela “amarru batean sartu behar zaitut” esan zidan. Berritasunen bat-edo izango zelakoan, sorpresa eman zidan: “Emakumezkoen lasterketako zuzendaria izango zara”. Erabat harrituta geratu nintzen.
Zuretzat ezusteko pozgarria izango zen.
Horrela izan zen, bai. Momentuan pentsatu nuen gauza bakarra “World Tour” izan zen (txirrindularitzako maila gorena). Niretzat ametsa baita, 26 urte mundu honetan lanean ibili ostean World Tour mailako lasterketa bateko zuzendaria izatea… Sinestezina. Nork esango lioke ezetz eskaintza horri?
“Sentitzen dut sari hau didaten estimuagatik eman didatela”
Zuzendari izatearen presioa igartzen ari zara?
Ez dut horrelakorik sentitzen. Gizonezkoen itzulian ikusi nuen zelan funtzionatzen duen. Argi dut zein den nire eginkizuna: gure aurretik lasterketa garbi joatea.
Zeintzuk dira, orain arte behintzat, zuzendari izateak ekarri dizun alde ona eta alde txarra?
Alde ona jendearen zoriontzeak izan dira. Hor konturatzen zara jendeak baloratu egiten zaituela. Eta txarrik, ez du txarrik… oraindik [barreak].
Zer helburu jarri dizkiozu zure buruari lasterketarako?
Nik gura dudan bakarra lasterketa garbi joatea da. Ez dut inor traba egiten egotea gura.
Lasterketetako epaile izaten diharduzu 26 urtez.
Hori da. Gizonen Itzulian ez, bertan epaileak bideratzen, akreditazioak kudeatzen eta nolabait haien zuzendari lanak egiten aritu naiz.
Zer desberdintasun ikusten dituzu bi lanen artean?
Ez dakit zehatz esaten oraindik, baina lasterketa batean zuzendari izateak sekulako ardura eta pisua du, zu baitzara lasterketa hori gidatzen duena eta dena ondo joan dadin bermatu behar duena.
Itzuliko lehen zuzendari emakumea bihurtu zara. Zer suposatzen du zuretzat horrek?
Mordoa suposatzen du, bulegoko lanean zein errepidean emakume asko gaude lanean. Eta oraindik aurrerapausoak egitea falta den arren, duela 26 urte okerrago geunden. Sentitzen dut sari hau didaten estimuagatik eman didatela.
“Txirrindularitza oso gogorra da, denbora asko eta dedikazio handia eskaini behar zaio”
Zenbateraino aldatu da emakumeen presentzia orain dela mende laurdenetik gaur arte?
Ni sartu nintzenean lasterketa gutxi batzuk baino ez zeuden Euskal Herrian: Iurretan egiten zen Emakumeen Bira, Durango-Durango lasterketa, eta Nafarroan egiten besteren bat. Orain, aldiz, egutegi bat dago, federazioak antolatzen dituen lasterketak…
Emakumeak protagonismoa hartzen ari direnaren sentsazioa duzu? Antolakuntzan zein errepidean diot.
Jokoan dagoen gizonezkoen Giroan, esaterako, emakume bat dago zuzendari, Rosella Bonfanti. Deigarria da World Tour mailako Itzulian ere emakume bat izatea zuzendari. Egia da urte osoko lanetan gero eta emakume gehiago ari direla. Baina errepidean gehiago behar ditugu, gutxi ez garen arren.
Lasterketari begira: zelako lasterketa espero duzue?
Donostiko etapa oso gogorra izango da. Iaz joan ginen ibilbidea ikustera, eta oso ibilbide zaila da. Goi mailako lasterketa izango dugu, goi mailako txirrindulariekin.
Mallabiako etapara etorrita, pizgarri nabarmen bat du: Karabieta.
Bai, ez bada lehenago apurtzen lasterketa. Montekalbo, Bizkaiko balkoia… igoeratxo asko daude bidean.
Amaiera ere ez da makala.
Ez, gero. Ez da mutilen lasterketa bukatu zuten leku berean bukatuko, beherago baizik. Espero dugu eguraldiak laguntzea.
Zein izango da Bizkaia-Durango taldearen rola?
Inork baino gehiago borrokatuko dute. Garaipena garesti dago, baina protagonistak izaten saiatuko dira.
Euriagaz asko aldatzen da zuen lana?
Kontrola galtzeko aukerak handitzen dira, lasterketa zelan doan jakitea zailagoa da. Gainera, erorikoak areagotzen dira eta autoek aurrera eta atzera egin behar dute. Nik beti diot: sekula ez da gertatzen ezer, baina egunen baten gertatuz gero…
Kurutziagan txirrindularitza zaletasuna egon izan da. Zelan dago harrobia Durangaldean?
Txirrindularitza oso gogorra da, denbora asko eta dedikazio handia eskaini behar zaio. Eta gaur egungo gazteek hasieran eskaini diezaiokete, nire seme biak badabiltza esaterako. Baina adinean gora joan ahala, zaila da aurrera egitea hain zuzen eskaini behar eta ezin horren erruz.