GUK16: ikasturterako jarri ditugun helburuak

Mugikorren eta gailu digitalen erabilera egokiaz hausnartzeko GUK16 guraso taldea martxan da aurten ere. LH5ko gurasoak biltzen dituen taldera 3 familia berri hurbildu dira eta hogeitaka familia gara jada. LH4ko gurasoak biltzen dituen taldea hasi da biltzen. Gainontzeko mailetan ere guraso taldeak sortzea da helburuetako bat, badaudelako ikastola mailan egin ditzakegun hausnarketa eta formakuntzak baina baita maila bakoitzeko gurasoek egin beharrekoak ere. Gure seme-alabei inguru hurbilak eragiten baitie. Hona hemen aurtengo helburuak eta lan dinamikak:

  • Ikastolako webgunean, gailu eta mugikorren erabileraren inguruko informazio interesgarria biltzeko gunea sortu dugu Kurutziagako komunikazio sailarekin elkarlanean. Elikatzen joango garen gunea da, baina hamaika lotura interesgarri dituzue eskura. 
  • Urtarrilaren 27 formakuntza antolatu dugu Pantallas Amigas erakundearekin bideo-jokoek sor dezaketen adikzioaz. 18:00etatik 20:00etara izango da. Emango dizuegu ikastaroan parte hartzeko izen ematearen berri. 
  • Udaberrian zehar ziberjazarpena eta ziberbiolentzia prebenitzeko ikastaroa antolatuko dugu.
  • Badira urte batzuk ikastolan digitalizazioa gauzatu dela DBHn eta LHko azken zikloan ere egonkortzen ari da. Hau dela eta premiazkoa iruditzen zaigu ikastolak digitalizazioaren gaineko errebisio bat egitea eta izan dituen eta dauzkan ondorioak aztertzea. Digitalizazioaren onurak ikusten ditugu baina kezka dugu pantailaren aurrean hainbeste ordu pasatzeak dakarrenarekin. 
  • Argi dugu, mugikorrek eta gailuek eskaintzen dizkiguten aukerak kudeatzeko, gurasook egiten dugun lanketaz gain, haur eta gazteen garapena ere gakoa dela, horregatik bultzatu nahi dugu mugikorrak arduraz erabiltzeko gaitasuna dutenean iristea gure seme-alabon eskuetara. Mugikorra emateko garaia atzeratzea garrantzitsua da. Mailako gurasoon artean hausnartu eta iritziak partekatuta lortu daitekeelakoan gaude.

Gurekin harremanetan jartzeko: guk16.kurutziaga2011@gmail.com