Ikasleak eta irakasleak ekaineko lanetan burubelarri dabiltzan honetan, Kurutziagako Zuzendaritza irailera begira ari da. Familien antolaketarako ere garrantzitsua denez, datorren ikasturteari begira zehaztuta dauden kontuez eta airean dauden galdera ikurrez berba egin dugu Urko Rodriguezekin.
Has gaitezen zehaztuta dauden kontuekin. Zer dakigu datorren ikasturteari begira?
Egutegia eginda dago eta buletin honekin batera jasoko dute familiek.
Ordutegia da bestea. Hezkuntza Sailetik pandemiaren aurreko ordutegira itzultzeko agindu dute. Horrek DBHko ikasleei eta familiei eragiten die batez ere. Izan ere, eskolak goizez eta arratsaldez izango lituzkete berriz (astelehen, astearte eta ostegunetan).
Eta, azkenik, Covid-19ari dagozkion segurtasun eta osasun neurriak aurtengo ikasturtean legez mantendu behar ditugula ere jakinarazi digute.
“(Jantoki zerbitzuaz) Edo ordutegian malgutasun bat dugu, edo segurtasun neurrien leuntze bat, bestela zaila da zerbitzu hori behar den moduan ematea”
Pandemiaren aurreko ordutegiak baina pandemiari dagozkion neurriak. Arazorik ekarriko du horrek?
Gurean jantoki zerbitzuari eragiten dio bete-betean. Suposatzen da eskolak goiz eta arratsalde badira jende gehiago geratuko dela ikastolan bazkaltzera. Horrek iaz ezarritako osasun neurriak (talde burbuilak, distantziak… ) betetzeko zailtasun handiak sortzen dizkigu. Ondorioz, edo ordutegian malgutasun bat dugu, edo segurtasun neurrien leuntze bat, bestela zaila da zerbitzu hori behar den moduan ematea. Gehitu horri eguerdietako eskolaz kanpoko eskaintza (musika eskola, akademiak…) eta are gehiago korapilatzen da kontua.
Arazo horren berri eman dugu Hezkuntza Sailean, baina egindako malgutasun eskariari ezezko erantzuna eman diote.
Alarma egoera kenduta, txertatze kanpaina aurrera doala… Beste zerbait espero edo nahi genuen, agian?
Ikusiko dugu udan zer gertatzen den. Guk gaur hau edo hura esateak gutxi balio du. Osasun agintarien jarraibideak beteko ditugu orain arte bezala. Edozelan ere, Hezkuntza sailari perspektibarekin jokatzea eskatu behar diogu. Segurtasuna lehenetsi behar bada, eman diezagutela antolaketa egoki baterako ordutegi malgu bat. Guztion artean presioa egin beharko diogulakoan nago.
“Hezkuntza sailari perspektibarekin jokatzea eskatu behar diogu. Segurtasuna lehenetsi behar bada, eman diezagutela antolaketa egoki baterako ordutegi malgu bat”
Zer balorazio egiten duzue Zuzendaritzatik amaitzear dagoen ikasturteaz ?
Kontuan hartuta Covid19-ak zelan baldintzatu gaituen, pozik egoteko moduan gaudela uste dut. Sortutako premia berriei ondo erantzun diegula esango nuke. Hezkuntza Sailetik jasotako diru laguntza osoa eta gehiagoko inbertsioa egin dugu, bai digitalizazioan eta baita pertsonalaren beharrezko ordezkapenetan ere. Beharbada hasieran beldur handia genuelako, espero baino hobeto joan dela esango nuke.
Besterik gehitu gura zenuke?
Badakigula hemen egun batetik bestera kontuak asko alda daitezkeela. Beraz, aurrera begira, bestelako informaziorik bagenu, gure komunitatea atoan jarriko dugula jakinaren gainean. Bitartean daukagunarekin jarraituko dugu lanean.