Endika Zamalloa Bereziartua (Durango 1985).
Goazen 7.0 telesailean Aitor-en pertsonaiaren rola jokatzen du Endikak, Zamalloa Kurutziagako ikasle ohiak. Bihar (barikuz) emitituko da zazpigarren denboraldiko azkeneko atala eta, horretaz eta bere afizio eta desioez egin dugu berba berarekin, lanetik irten bezain laster. Abadiñoko merkatal zentru bateko kirol dendan dihardu lanean eta ez gara, antza, Endikari elkarrizketa egitera joan garen lehenengoak bertako arduradunak irribarrez adierazi digunez.
Telebistan ikusten zaitugu aspaldion baina antzerkian aspalditik zabiltza. Ikastolan sartu zitzaizun harra, ezta?
Bai, ikastolan hasi nintzen antzerkian, Txotxerekin. Orduantxe gustua hartu eta gaur arte.
Ikastolan hasitakoari Karrika Antzerki Taldean eman diozu jarraipena.
Hamasei urterekin hasi nintzen Karrikan eta laster hogeita hamasei beteko ditut, ba, pentsa… Gozatu egiten dut antzerkian. Gainera, niretzako Karrika lagun talde bat ere izan da beti.
Antzezlan berria prestatzen ari zineten Karrikako kideok. Zertan zarete orain?
Geldirik. Egoera dela-eta geldirik dago dena eta ez dakigu noiz ekingo diogun.
Antzerkiaz gainera futbolean ere tope zabiltzala jakin dugu.
Bai. Athletic-en Genuines taldean aritzen naiz. Iaz Lezamara joaten ginen entrenatzera astean behin, baina koronabirusa dela-eta, orain ezin dugu halakorik egin. Bideokonferentzia bidez bidaltzen dizkigute entrenamenduetan egiteko ariketak eta hortxe aritzen naiz. Pozik.
Eta aktore jardunera bueltan, zelan sortu zitzaizun Goazen!-en parte hartezko aukera?
Ezagun baten bitartez. Hark komentatu zidan aukera zegoela eta castingera aurkeztu nintzen. Elkarrizketa bat egin zidaten eta gero testu batzuk eman zizkidaten ikasteko. Etxean ensaiatu i, bideoan grabatu eta eurei bidali genizkien.
Eta zeu aukeratu!
Bai, poz handia izan zen.
Grabaketak noiz egin zenituzten eta, zelan joan ziren?
Joan den uztailean eta abuztuan izan ziren eta irailean amaitu egin genituen. Bi lekutan izaten ziren, Azpeitian eta Donostian. Barrukoak Azpeitian eta kanpokoak, igerilekua eta inguru hori, Donostian. Grabaketetarako ere bi talde egiten ziren eta batzuk batean eta besteak bestean egoten ginen askotan. Oso esperientzia polita izan da eta lagun asko egin dut. Oraindik ere mantentzen dugu harremana.
Elkarrizketa hau irakurriko den etxe askotan jakin gurako dute Goazen!-en azkeneko kapituluan nor izendatuko duten “Basakabiko langilerik onena”, Markel, Begoña ala Aitor… Ezer aurreratzerik?
(barrez) Ez! Sekretua da eta sekretua gorde egin behar da, bestela ez du balio!
Ados. Ulertzen dugu sekretu profesionala. Izango du jarraipenik Goazen!-ek?
Ez dakit horretaz. Jarraipena izango balu ni prest, baina ez dakit ezer…
Telebistan, antzokiren batean edo, zergatik ez, futbol zelaian berriz elkar ikusi arte, Endika. Eskerrik asko!