Gotzone Duñabeitia Kintana (Kurutziaga Ikastolako Zuzendari Pedagogikoa)
… ondo etorri eraikitzen gabizen etxera
gure leihotik geroa ikusten da …
(Durangoko 2005eko Ibilaldiko kanta)
Aspaldi idatzitako hitzak eta gaur egun, oraindik ere, gure nortasuna eta jarduna definitzen dutenak, dudarik gabe.
Euskara eta euskal kultura; izaera kooperatiboa eta elkartasuna; pertsona erdigunean jarrita, oinarrizko erabakiak era demokratikoan hartzen dituen hezkuntza komunitatea da gurea. Hezkuntzaren bidez gizartean eragile bizia izan nahi dugu. “Bizitzeko hezi!”, hori da gure leloa.
Antzeko berbekin hasi genuen joan den asteko ATEAK ZABALIK jardunaldia familia berriei gure proiektuaren nondik norakoak azaltzeko. Aurtengoa esperientzia berezia izan da, pandemiak baldintzatutakoa. Hala ere, hurbiltasunari lehentasuna eman eta goiz ederra pasa genuen, urtero errepikatzen dena eta urtero ezberdina dena.
Familien begietan galderak eta jakinmina. Azken finenan erabaki garrantzitsu bat hartzeko atarian aurkitzen dira etorkizun hurbilari begira. Zenbaitentzako ikastolara hurbiltzea eremu erabat berrian sartzea da. Beste batzuk aldiz, eurek bizitako esperientziak bultzatuta datoz, edo lagunartekoen erreferentziak kontua hartuta.
“Eta saiatzen gara azaltzen Ikastola legez zer garen eta nondik gatozen. Gure hezkuntza xedea eta lan egiteko era zein den.”
Ikastola ezagutu gura dute: ikasgelak, jolastokiak, hezkuntza-jardunaren nondik norakoak… Eta, batez ere, jakin gura dute euren seme-alabek zer nolako profesionalak izango dituzten bidelagun euren hazkuntza eta hezkuntza prozesuan. Familiek ahalik eta hezkuntza testuinguru aberatsena eta sentikorrena bilatzen baitute, euren balore pertsonalekin bat egiten duen proiektuari lehentasuna emanez: kalitatezko hezkuntza eredu euskalduna, alegia.
Eta saiatzen gara azaltzen Ikastola legez zer garen eta nondik gatozen. Gure hezkuntza xedea eta lan egiteko era zein den. Adin tarte desberdinetako komunitate bat izanik, proiektuaren garapen bateratua dugula ipar, etapa bakoitzak dituen berezitasun propioak ahaztu gabe. Eta oinarrian profesionalok eguneroko jardunaz egiten dugun hausnarketa dagoela, berrikuntzak eta etengabeko formazioa: gure balio erantsia. Hori guztiori aurkezten dugu geure etxeko ateak zabalduz eta umiltasunez, familiek hartuko duten erabakiarekiko begirune osoz.
Polita izaten da jardunaldiotan eguneroko errealitatetik irten eta kanpoko begiradarekin ikusten saiatzea zer garen gaur eta zelan ekarri gaituzten aurretik emandako pausoek honaino. Horrek ematen digu etorkizunera begira jartzeko bermea, eta horrela eraberritzen da gure proiektua aldiro, bizi-bizirik dagoen seinale.
Horixe delako helburua: bizitzeko eta bizitzarako heztea.