Maiana Mendiburu: “Eguberriko Egutegia Sarako Olhain ikastola laguntzeko eta haurrek Eguberria manera jostagarrian itxoiteko modua da”

Maiana Mendiburu senpertarra Sarako Olhain (Lapurdi) ikastolako gurasoa da. Urte batzuez irakasle aritu zen bertan eta orain Kanboko ikastolan dihardu. Durangon bizi duen senide baten bitartez iritsi zitzaigun iaz Olhain ikastolaren alde egiteko Eguberriko Egutegia ekimena. Durangon izan zuen harrera ona eskertu eta aurten ere parte hartzeko gonbita luzatzen digu Maianak.

Sarako Olhain ikastolako gurasoa zara. Noiz sortu zen zuen ikastola eta zenbat ikasle biltzen ditu gaur egun?

Ikastolak 40 urte ospatu berri ditu. Diotenez, garaian ogi banatzen aritzen zen emazte batek animatu zituen guraso batzuk eta 3 haurrekin ideki zuten, duela 43 urte. Orain 107 ikasle dira.
Herrian biziki errotua da ikastola eta ekimen askoren bultzatzailea da. Ikasle gehienak saratarrak dira baina badira auzo-herrietakoak ere: Urdazubi, Zugarramurdi edo Ainhoarrak, han ez baita ikastolarik

Zein dira zuen etorkizuneko asmoak?

Aurtendik eraikin berria dugu eta gure haurrak baldintza onetan dira. Ez dugu gehiago prefabrikaturik ikastolan, gela txukunak dituzte, eta, aspaldian eskas ginuen psikomotrizitate gela lortu dugu!
Lan handia egin da gela berriak ukateko eta ekipatzeko. Orain, egoera berri huntan, ezin dugu deus antolatu. Ondorioz, gure eztabaida eta gogoeten gai nagusia ideia berriak asmatzea da eguneroko funtzionamendua segurtatzeko: langileak ordaindu, beharrezko materiala erosi…

“Eguberriko Egutegia, dirua biltzeaz gain, Olentzero eta Mari Domingi etxeetara sartzeko manera ona zela pentsatu genuen. Hori ere gure helburuetan baita, gure kultura zabaltzea”

Zer da Eguberriko Egutegia?

Iaz hasi ginen eguberriko egutegia saltzen. Etxeko txikienei Eguberriko Egutegia erosteko ohitura handia da hemen. Guk pentsatu ginuen dirua biltzeaz gain, Olentzero eta Mari Domingi etxeetara sartzeko manera ona zela. Hori ere gure helburuetan baita, gure kultura zabaltzea.
Egutegia abenduaren 1ean hasten da eta 24ean bukatzen, eguberri gauean. Egunero leiho bat idekitzen da eta barneko txokolata jaten da, eguberri ailegatu arte. Horrela, haurrek zenbat egun falta diren kontatzen dute eta eguberri manera jostagarrian itxoiten dute. Espero dugu Durangoko haurrek baliatuko dutela aurten, iaz egin zuten bezala. Hemen uzte dizuet gure artean egindako bideotxo bat animatu zaizten.

“Guretzat, eta ikastola guztientzat, egoera zaila da aurtengoa. Herri Urrats behar-beharrezkoa dugu Seaskan”

Eguberrietako Egutegi honetaz gainera zer ekintza egin ohi dituzue ikastolarentzat dirua biltzeko?

Ikastolako gurasoek, nahi izanez gero, astebururo baginuke lan! Ekimen asko antolatzen ditugu, alde batetik dirua biltzeko eta bestetik gure hizkuntza eta kultura plazara ateratzeko. Urteroko hitzordu asko ditugu (agian laster berriz antolatzen ahalko ditugunak!): Eguberriak eta Ihauteriak antolatzen ditugu herrian, antzerkiak, afariak, urtero Herri Urratsen paella guneaz arduratzen gira… Eta herrian ekitaldi bat baldin bada, taloak saldu eta txosna ematen dugu. Guraso talde dinamikoa gira eta lan handia egiten dugu, baina oso ongi pasatzen dugu!

Aurten, Covid-19a dela-eta ez da Herri Urrats ospatzerik izan, nola eragiten dio horrek Seaskari?

Guretzat, eta ikastola guztientzat, egoera zaila da aurtengoa. Herri Urrats behar-beharrezkoa dugu Seaskan, ikastolen garapena segurtatzeko ezinbesteko diru iturria baita. Herri Urratsi esker eraiki dira lizeo berria, handitu dira ikastolak… Herri Urratsez gain urteroko ekitaldi guztiak ere ezeztatu dira, eta horrek galtze ekonomiko handia ekarri digu ikastolei. Galtze hori gainditzeko berriz ere elkartasun deia zabaltzen dugu, eta kulturalki utzi digun hutsunea agian laster betetzen ahalko dugu.  Gu beti bezain gogotsu gira gure ikastolak indartzen segitzeko!

Eskariak azaroaren 15a baino lehen egin behar dira. Bete beheko eskabide-orria.

ESKABIDE-ORRIA