Gau Beltza: Zer izan zen lehenago, Halloween ala kalabaza?

Zer izan zen lehenago, Haloween ala kalabaza?

Adin batetik gorakook Ameriketako Estatu Batuetatik zetozen filma eta serieen bitartez ezagutu genuen Halloween. Azkeneko dozena bat urtean, berriz, Euskal Herrian ere lekua egin du jatorri zelta duen ospakizun horrek. Ikusentzunezkoen eta marka handien publizitatearen bitartez, Halloween-en ezaugarri den kalabaza argitua gure iruditerian txertatu da. Edo, beharbada, ez gara interpretazio zuena egiten ari eta kalabaza eta hilen egunaren bezperako ospakizun hau beti egon izan da gure artean? Alegia, zer izan zen lehenago, Halloween ala kalabaza?

Itzalitako Kalabazaren berpiztea

Josu Ozaita eta Jaime Altuna antropologoek Itzalitako kalabazen berpiztea: Arimen Gau, Halloween eta Gau Beltzaren haur-ospakizunen ikerketa etnografikoa  liburua argitaratu zuten 2018an. Topaguneak Gau Beltza dela-eta sortutako dokumentalean ematen dute Gau Beltzak Euskal Herrian dituen erroen berri.

Galdetu gure nagusiei

Beraz, ez dugu denboran oso atzera joan beharrik Arimen Gauarekin edo Gau Beltzarekin topo egiteko geure herrian bertan. Arestian aipatutako Topagunearen webgunean Euskal Herriko hainbat herritako pertsona nagusik euren umezaroan Gau Beltza zelan bizi zuten eta egiten zituzten bihurrikerien berri ematen dute. Zergatik ez diegu geuk ere gure inguruko nagusiei galdetzen? Antzeko ohiturak errepikatzen ote dira Euskal Herrian eta gure nagusien jatorrizko beste herrialde batzuetan?… Ariketa polita izan daiteke asteburu honetan familian egiteko.

Azkeneko urteotan hainbat herritan ospakizunak ugaritu direla jakitun, Topaguneak aipatutako Gau Beltza.eus webgunea sortu du, berrian berri ekin beharrik barik, Gau Beltza antolatu gura duenak helduleku bat izan dezan. Bertan, aipatutako dokumentalaz gainera, Gau Beltza girotzen laguntzeko hainbat informazio biltzen ditu. Besteak beste, Kalabaza Tailerra eta Makilaje Tailerra.

Kalabaza tailerra

Makilaje Tailerra

Tradizioak jendartarekin batera aldatzen dira

Bistan denez, ez da aurtengoa herri mailan edo lagunarte handietan ospatzeko Gau Beltza. Hala ere, inoiz ez da berandu gure aurrekoen ohiturez eta ospakizunen berri jakiteko. Ohiturak eta tradizioak dinamikoak dira, eta eraldatu egiten dira denborarekin, jendartea legez. Ez dira batzuk besteak baino hobeak, baina ez dadila bat eta bakarra gailendu begietatik sartzen digutelako aldioro.

Info+:

Berria: Josu Ozaitari elkarrizketa. “Tradizio bizia eta aldakorra da Gua Beltza ospakizuna”

Txalaparta: “Gau Beltza” Josu Ozaita eta Joseba Larratxe( gazte literatura).

UEU: “Itzalitako kalabazen berpiztea. Arimen Gau, Halloween eta Gau Beltzaren haur-ospakizunen ikerketa etnografikoa” liburua erosteko.

Gau Beltza.eus