Unai Zamalloa: “Urriaren 5ean ekingo diegu Eskola Kiroleko entrenamenduei”

Unai Zamalloa Kurutziagako Kirol Jardueren Koordinatzailea da. Joan den martxoaren 12az geroztik Eskola Kirola programa etenda egon da Covid-19aren eraginez, pandemiaren beste albo-kalte bat gehiago. Aste honetan pozago dago.

Asteaon jakinarazi du Bizkaiko Foru Aldundiak datorren astelehenetik aurrera (irailak 28) Eskola Kirola berriz ere martxan jarri daitekeela. Aspalditik egongo zinen berri horren zain, ezta?
Guztiok egon gara barri horren zain. Behar dugu gure taldearekin barriro egotea, jolastea, gure kirola egitea… Barri pozgarria da, bai horixe!

“Asteartean jaso genuen berria eta, beraz, egun batzuk behar ditugu hau guztiau antolatzeko”

Edozelan ere, Kurutziagan urriaren 5ean hasiko da. Zergatik?
Asteartean jaso genuen berria eta, beraz, egun batzuk behar ditugu hau guztiau antolatzeko: entrenatzaileekin, gurasoen taldekako ordezkariekin… Partaide guztiekin, azken finean. Ze, ulertuko duzuen moduan, funtzionamendua egoerara egokitutakoa izango da, osasun protokoloak bete beharko dira eta hori prestatzeko astia izateko, erabaki dugu urriaren 5ean hastea gure saioak. (beherago “Ahaztu ezin ditugun 7 PAUSO”)

Entrenamenduak bai, baina leiharik edo ligarik ez.
Momentuz entrenamendu saioak izango dira. Ez dugu aurreikusten, gutxienez urtarrila edo otsailerarte, ligarik edo eta partidarik egoterik. Gero ere, nire ustetan, ez da betiko eran izango. Dena den, COVID 19aren egoerak esango digu zelan izango den. Orain, garrantzitsuena, gure kirolariak martxan hasiko direla da.

Aldagelak erabili ahalko dira?
Aldagelen erabilera oso mugatua izango da. Gehienez, bustitako erropak aldatu ahal izango ditugu.

Noiz eta zelan jakinaraziko zaizkie familiei ordutegiak eta abarrak?
Ordutegiak, Ikastolako webgunean daude. Dena den, berriz ere bidaliko ditugu. Aurtengo aldaketa nagusia, hasiera ordua da. 16’45etan barik 17’00etan hasiko dira, ikastolako irteera ordua eta entrenamenduan hasierak bat egin eta jende pilaketak ekiditeko.

Azalduiguzu zelan izango diren sarrera-irteerak.
Taldea, hasi baino 10 minutu lehenago batuko da sarreran (16’50etan lehenengo taldeak) bere entrenatzailearekin eta ez da beste taldeekin nahastuko. Goiko Sarreratik, frontoitik/kantxatik, izango dira sarrera eta irteera guztiak.

Hainbeste hilabete egin barik egon ostean zeintzuk dira zure ustez gaztetxoentzako Eskola Kirolaren abantailak?
Ariketa, fisikoa, taldean aritzea, eta, batez ere, bakoitzak bere kirola egin ahal izatea eta gozatzea. Kirola egitea denontzat onuragarria da. Martxotik gehiago taldeak ez dira batu, eta beraientzat une berezia eta pozgarria izango da.

“Hirurehundik gora umek parte hartuko dute Eskola Kirolean”

Zenbat kirol talde daude uneotan Kurutziagan?
Momentu honetan horrela gaude: Saskibaloian bederatzi talde. Futbolean, ikastolan bertan talde bi, eta Tabiran beste hiru talde. Eskubaloian talde bakarra. Pilotan, talde bakarra (HH4 –LH2 bitartean izena emateko epea zabalduko da). Atletismoa. Xakean talde bakarra (LH1-LH4). Multikirolak (LH2-LH3).
Guztira 273 ume eta gaztetxo dira baina Multikiroletako eta pilotako izen emateak falta direla kontua hartuta, 300dik gora ibiliko gara, urtero legez.

Zerbait azpimarratu gurako zenuke?
Bada, bai. Kirola egitea ez dela arriskutsua. Kirola egitea osasungarria da. Hala ere, ezin dugu ahaztu, guneroko bizitzan legez, COVID-19arekin bizi garela eta, horren aurrean, ondo bete behar ditugula gure arten babesteko protokoloa eta arauak.

Ahaztu ezin ditugun 7 PAUSO:

(Ikastolan egiten diren entrenamenduak)

Bat. Taldea, entrenamenduaren hasiera baino 10’ lehenago batuko da (16’50etan lehenengo taldeak). Taldeak ez dira elkarren artean nahastuko. Goiko sarreratik, frontoitik/kantxatik, izango dira sarrera eta irteera guztiak.

Bi. Taldeak, talde-burbuilak dira: talde ezberdinen arteko interakziorik ez da egongo eta, entrenamendu saioetan, gelaka banatuta egongo dira ariketetan.

Hiru. Kirolariak musukoarekin sartuko dira Ikastolara.

Lau. Bakoitzak, bere kleenexak, toalla txikia, eskuak garbitzeko hidroalkohola, ur botila eta musukoa (talde bakoitzak jasoko du dagokion informazio zehatza).

Bost. Hasieran entrenamenduak banakako ariketa teknikoen inguruan izango dira (1×0 ). Gero, gutxika-gutxika, talde txikietan edo postuka entrenatuko dira. Azkenean talde osoa batu ahal izango da (talde-kiroletan) Eskola Kirola eta Hezkuntza sailetatik jasotzen diren oharrak jarraituko dira beti.

Sei. Talde bakoitzak bere materiala kudeatuko du eta, erabilera bukatzean, begiraleak garbiketa egingo du: baloiak, pilotak, konoak…

Zazpi. Entrenamendu saioak amaitzean, musukoa jarrita aterako dira. 10 minutu izango du talde bakoitzak oinarrizko arropak (kamisetak, oinetako bustiak…) aldatu eta irteteko (18’10etan 1go saioko taldeak).

 

Ikastolatik kanpo egiten diren entrenamendu saioei buruzko zehaztapenak aurrerago jakinaraziko dizkizuegu.

 

Zalantzaren bat izanez gero idatzi uzamalloa@kurutziagaikastola.eus helbidera edo deitu 946200822 (2106 luzapena) zenbakira.