Kurutziaga Ikastolako zuzendaritza taldea: Uxuri Gallastegi (HHko koordinatzailea), Gotzone Duñabeitia (Zuzendari Pedagogikoa), Urko Rodriguez (Zuzendari gerentea), Nekane Zubizarreta (DBHko koordinatzailea) eta Oihana Zubero (LHko koordinatzailea).
Trinkoak izan dira joan diren bi hilabeteok Kurutziagako Zuzendaritza taldea osatzen duten kideentzat. Hasieran eskola ez-presentzialei zelan erantzun izan zen erronka nagusia. Orain, berriz, eskolara itzulera mailakatua da mahai gainean dagoen gaia.
Data eta informazio dantza dexentea izan da eskolara itzulerari buruz.
Hezkuntza Sailetik mezu ezberdinak eta nahasiak jaso ditugu, egia esan. Guztion helburua litzateke ikastolan ikasleak eta langileak baldintza seguruetan aritu ahal izatea, baina badakigu, gaur gaurkoz, hori ez dela posible. Kurutziagari dagokionez DBHko goiko mailari eragiten dio, batez ere, itzulerak.
“Ez gara edozein baldintzatan itzuliko”
Beraz, “itzuli” baino, “zelan itzuli” da kontua, ezta?
Gelak prestatu eta ikasleak eta irakasleak bermeekin itzuli ahal izateko protokoloak lantzen aritu gara, prebentzio plan bat osatzen, azken finean. Baliabideak ere behar dira horreterako. Horiek guztiak beteteta bueltatuko gara, ez ordea edozein baldinzatan.
Eskola ez-presentzialen albo-kalteak izan daitezke itzulerarako arrazoi?
Ikastola garen heinean, gure ekarpen solidarioa egin behar dugu arrakala sozialari aurre egiteko, leuntzeko. Ikasle guztiek ezin izan dute ikasturtea normaltasunez jarraitu etxetik, eta horiei erantzun bat ematea gure ardura eta zeregina da.
Horri gehitu hainbat familiatan euskaraz aritzeko aukerarik ez dutela izan ume askok bi hilabeteotan. Euskaraz aritzeko gune ia bakarra ikastola da zenbait kasutan. Horrek ere kezka sortzen digu.
“Ikastola garen heinean, gure ekarpen solidarioa egin behar dugu arrakala sozialari aurre egiteko”
Edozelan dela ere, ez gara ari “itzulera orokor” bati buruz berbetan.
Ikuspegi kurrikularretik, ez deritzogu ezinbestekoa ikasturte amaierara begira ikasle guztiak ikasgeletara itzultzeari. Ikasleak zein irakasleak lanean ari dira. Ikasle nagusienen kasuan, lana eta jarraipena bermatuta daude eta, dagoeneko, lanerako ohitura berriak barneratu dituzte eta ordutegiak eta ikasketa prozesuak antolatuta daude. Horiek horrela, itzulera orokorrak arazo gehiago sortuko lituzke onurak baino.
DBHn dago koxka
Nekane Zubizarreta, DBHko koordinatzailea.
“Gure premisa da errefortzua eta arreta behar duten ikasleei eskaintzea, bai telematikoki eta baita presentzialki ere”
“Itzulera orokorra” baztertuta, norbanakoei erreparatuta egitea da buruan daukazuena, ezta?
Horrela da, bai. Gure premisa da errefortzua eta arreta behar duten ikasleei eskaintzea, bai telematikoki eta baita presentzialki ere, hala behar denean. Horretarako egoera akademikoa eta emozionala ere kontuan hartuko ditugu.
Zeintzuk dira eskola presentzialekin indartu guarako zenituzketen kasuak?
Hainbat kasutan errefortzu eskolen premia argia ikusten dugu ikasturte amaierako ezhoiko azterketak bermeekin egingo badira. Lehen ere nahikoa lan suposatzen dute ikasleentzat, eta ez dugu gura telematikoki jardunda are zailagoa bihurtu daitezen.
Premia bereziak dituzten ikasleei ere dagokien arreta eskaini behar diegu, eta baita ezhoiko egoeraren ondorioz ikasketa prozesuarekin jarraitzeko zailtasunak dituztenei.
Amaitzeko, Nekane, uste dut honezkero badakizula ikastolako ikasgela bakoitzak zenbat metro karratu dituen…
Batean eta bestean neurriak hartzen aritu gara, bai!… Lehenago ere esan da baina argi daukaguna da ikasleen eta langileen itzulerarako osasun baldintzak direla lehenengo, eta gero datozela gainerakoak.