Udazkenean, udaberri berri bat!
Duela aste batzuk, ikastolen udaberriko jaiak atzeratu egin genituela iragarri genuen, eta hurrengo asteetan berauek udazkenean egiteko aukera aztertu eta datak bilatuko genituela. Horretan aritu gara asteotan, jai guztiok elkarlanean, daten egokitasuna ikusten, jarritako helburuak bete ahal diren aztertzen, udazkenean ospakizunak egin ahalko diren aurreikusten… faktore horiek eta beste zenbait aztertu eta gero (logistikakoak, osasun eta segurtasun prebentziozkoak…), udazkenean ikastolen aldeko jaiak ospatzea erabaki dugu.
Datak gerturatu ahala, ikusiko dugu aurrera egin dezakegun, edo atzera egin beharko dugun; baina, gaur-gaurkoz, determinazio osoa dugu jaiak ospatzeko eta datak ere ezarri ditugu. Hauexek dira.
◦ Irailaren 20an, duela egun batzuk aurreratu genuen bezala, Herri Urrats ospatuko dugu, Senperen
◦ Urriaren 4an, lehendik iragarrita zegoen bezala, Kilometroak jaia ospatuko dugu Amasa-Villabonan eta Zizurkilen
◦ Urriaren 18an, Araba Euskaraz eta Ibilaldia ospatuko ditugu, Amurrion eta Elorrion. Bi jaiak egun berean izango dira, bi herri eta lurralde desberdinetan, baina bien arteko lotura ere egingo dugu.
Ohartuko zineten moduan, lau jai aipatu ditugu bakarrik. Urriaren 18an, Nafarroa Oinez egitea aurreikusita genuen, Lizarran. Esan dugu jaiok ospatzeko edo ez ospatzeko erabakia hartzeko orduan bost jaiak elkarrekin aztertzen aritu garela ezarritako helburuak betetzeko aukeren inguruan, segurtasun neurri gehigarrien inguruan, egokitasunaren gainean… Tamalez, ordea, beste jaiek ez bezala, Lizarrako ikastolak eta Nafarroa Oinez fundazioak ikusi dute ez direla baldintzak ematen beren jaia aurten ospatzeko, eta hurrengo urtera atzeratu dute. Kolpe latza da Nafarroako ikastolentzat eta bereziki Lizarra ikastolarentzat; baina orain arte egin dugun moduan, elkartasun ekimenak gure artean bultzatuz, aterako gara honetatik ere.
Bateren batek esango digu zoraturik al gauden, bizi dugun garaiotan jende multzo handiak biltzea ezinezkoa dela. Gaurko egoeran, noski, hala da. Udazkenera begira jarriak gara, ordea, eskenatoki desberdin batera, eta uneotan, aukera ikusten dugu. Ez dugu etsi nahi, jai hauek ez direlako jai hutsak. Jendea, noski, ongi pasatzera dator, dibertitzera, dantzatzera, lagunekin egun eder bat igarotzera… Baina jai hauek helburu ugari dituzte.
◦ Auzolanaren bitartez ikastolakideon artean, ikastolen artean eta ikastolen eta herrietako eragileen artean harremanak estutzen ditugu.
◦ Euskal kulturari bost plaza handi eskaintzen dizkiogu gure jaien bitartez.
◦ Euskarari bozgorailu handi bat jartzen diogu.
◦ Eta hainbat proiektu aurrera ateratzeko finantzaketa lortzen dugu.
Urte osoan lanean aritu diren boluntario andana, gure jaietan parte hartzeko konpromisoa hartu zuten kantari, musikari, dantzari, pailazo eta artista guztiak, azpiegituraz arduratzen diren guztiak, gure babesle eta laguntzaileak , guztiak kontuan hartzen ditugu. Egin duten lan horrek guztiak, gurekiko erakutsi duten konpromiso eta atxikimenduak gure aurtengo jaiei eusteko ahalegina egitera behartzen eta bultzatzen gaituzte, eta guztiak aintzat hartuko ditugu udazkenerako. Mila esker guztiei.
Ardura eta erantzukizunez jokatuko dugu, noski, eta osasuna bermatzeko baldintza guztiak ezarriko ditugu: formatu egokituak, jan-edana baldintza seguruetan eskainiz, garbiketa sakonduz…
TANTA
Aipatu nahi dugu, baita ere, Euskal Herriko ikastolen alde eta Euskal Herrirako hezkuntza sistema propio baten alde aurten atera ditugun TANTA txartelak eskuratu nahi dituzuen guztiongana iritsi ahal izateko, txartelaren truke egingo den 60.000 euroren zozketa eguna atzeratu egin dugula. Ekainaren 25ean egin beharrean, urriaren 21ean egingo dugu zozketa, notario aurrean. Beraz, garaiz zabiltzate. Busti zaitezte TANTArekin!
Udazken honetako jaiak ez dira orain arte ezagutu ditugunen modukoak izango. Ezohiko egoera batean gaude, eta erabakiak hartzea erraza ez den arren, gure jaiak berrasmatzen ari gara. Oraingoan ere ikastolok ahalegin berezi bat egiten ari gara egoera zail honetan gure onena atera eta gizarteari erantzun egoki bat emateko. Sormena landuz, auzolanean eta tokian tokikoari garrantzia emanez, ikastolen jai berrituak programatuko ditugu.
Konfinamendua amaitzen denean, pixkanaka normaltasunera bidean jartzen garenean, urratsez urrats hartuko dira neurriak, eta esperantza dugu gozatzerik izan ez dugun udaberri honen amaieran arnasa hartu eta berriro ere kaleez, plazez, mendiez, basoez, hondartzez, itsasoaz gozatzeko aukera izango dugula libertate osoan. Gure kasuan, desiratzen gaude, askatasun berri horretan gure poza zuekin partekatzeko, gure jaiak zuei eskaintzeko, elkar ikusi eta besarkatzeko.
Udazkenean, udaberri berri bat edukiko dugu!