Ondoren datorren artikulu hau hikhasi.eus webgunetik hartu dugu. Hemen artikulu osoaren sarrera aurkituko duzue. Irakurtzen jarraitu izanez gero, klikatu behealdean duzuen esteka.
Zergatik janzten ditugu neskak arrosez eta mutilak urdinez?
Nesken arropetan agertzen diren irudiek —bihotzek, loreek…— eta mezuek —princess, cute, guapa…— nola mutilen jantzietan agertzen direnek —dinosaurioak, baloiak… edo wild, adventure, clever — estereotipoak bultzatzen dituzte, eta diskriminazioa sustatzen, haurrak, neska ala mutil izan, zaletasun eta jarrera batzuekin lotzen baitituzte.
Hona hemen ariketa erraz bat zure seme-alaben artean sexismoa /diskriminazioa bultzatzen ari zaren ala ez antzemateko: alabaren (alaben) kaxoiko arropek zer kolore dituzte? Zenbat bihotz, lore, txori, ortzadar, adarbakar, izar, dinosaurio, auto, hegazkin, superheroi, baloi, agertzen dira? Zer-nolako mezuak dituzte elastikoek, zenbat princess, sweet, dream, love, heroe, brave, wild, explore, adventure…? Orain ireki semearen (semeen) kaxoia: zenbat bihotz, lore, txori, ortzadar…
Eta batek esango du, “arropa besterik ez da!” edo, “haurrak ez daki irakurtzen! ”Edo berari gustatzen zaio arrosa!” Baina nork aukeratzen eta erosten du haurren arropa? Aukeratzen duen hori kontziente al da neskak bihotzez, princess, sweet-ez janzten ditugunean, eta mutilak wild, adventure izendatzen ditugunean zer-nola ari garen bereizkerian erortzen eta bata zein bestea estereotipo batzuekin lotzen? Izan ere, haurrek eurek agian ez dakite ingelesezko mezua irakurtzen, baina haur handiagoek bai, bizilagunak bai… eta estereotipoekin lotuz sozializatzen ditugu.
Beste ariketa erraz bat: seme nagusiaren (lehengusu/bizilagun/ lagun nagusiaren) arropa janzten al diozu alabari? Eta alderantziz, alaba nagusiaren (lehengusu/bizilagun /lagun) arropa jartzen al diozu semeari? Zergatik ez?
Bereizkeria honen jatorriaz galdetu diogu HUHEZIko irakasle Amelia Barquini; zergatik aukeratzen ditugu kolore eta mezu jakin batzuk dituzten arropak neskentzat eta beste mezu eta kolore batzuk dituztenak mutilentzat? “Nik esango nuke ikuspegi bitarra oso errotuta daukagula, eta ez dugu beste aukerarik ikusten, eta gainera, ez dugu ikusten sistema bitarrean bizi garenik ere, bertan jaio eta hazi gara eta ikustezina egiten zaigu, arrainari ura bezala”.
Beste eremu batzuetan emakume eta gizonen eta are nesken eta mutilen arteko aukera eta eskubideen arteko arrakala txikitzea lortu bada ere, Barquinen arabera gorputza aurkezteko moduan ez dugu aurrera egin gizarte bezala. “Nik uste dut feminismotik espero genuela denboraren poderioz askatasun gehiago izango genuela gauza askotan, besteak beste, gure gorputza aurkezteko moduan, gure janzteko moduan, orrazteko moduan, baina espektatibak ez dira bete, esparru horretan ez dugu askatasuna irabazi, baizik eta modu bitar horrek indarra hartu du”.
Klikatu hemen irakurtzen jarraitzeko.