Leire Mendiburu: “Eguberriko egutegia” Sarako ikastolari laguntzeko modu goxo bat da

Senperekoa (Lapurdi) da Leire Mendiburu Garaiar, aspalditik Durangon bizi den arren. Donibane Lohizuneko eta Kanboko ikastolan ikasi zuen. Gaur egun Kurutziagako ikastolako guraso da.

Durangon bizi den senpertar bat Sarako ikastolaren aldeko ekimen batekin. Azalduiguzu:

Durangon bizi den senpertarra naiz, eta, beraz, Seaskako Ikastoletan ibilia. Beti eusten diot lotura horri, eta, ahal dudan heinean, han antolatzen diren ekimenak nire inguruan zabaltzen ditut. Nire ahizpa Sarako Ikastolako guraso da, eta haren bidez nator eskaintza honekin. Sarako Ikastolan 117 ikasle dira, asko hazi da azken urteetan. Ikastola txikia gelditu zaie, eta Sarako Udala psikomotrizitate gela (orain arte ez dute izan) eta ikasgela bat gehiago eraikitzen ari bada ere, gurasoek asmatu behar dituzte gela horiek ekipatzeko diru iturri berriak. Hor kokatzen da Eguberriko egutegien kanpaina hau.

“Sarako Ikastolan 117 ikasle dira, asko hazi da azken urteetan. Ikastola txikia gelditu zaie”

Zer da “Eguberriko egutegia”? Zer berezitasun du?

“Eguberriko egutegia” Alemanian sortutako ohitura bat da, haurrekin Eguberri-gauaren etorrera kalkulatzeko modu bat. Abenduaren 1etik 24rako bidea egiteko, txokolatina bat jaten da egunero. Ipar Euskal Herrian ere bada ohitura hori, eta edozein merkataritzagunek, dendak… eskaintzen du egutegia Aita Noel noiz ailegatuko den jakiteko.

Sarako Ikastolak, ideia hori baliatu eta gurera ekarri du, etxeko ttikienekin Olentzero eta Maridomingiren etorreraren zain egoteko. Egutegiak 10 euro balio du, eta Sarako Ikastolak geletako ekipamendua erosteko izango dira etekinak.

Zelan eskuratu ahalko dira?

Elkarrizketa honekin batera eskaera egiteko galdetegi bat aurkituko dute gurasoek. Galdetegi hori azaroaren 8a baino lehen bete behar da eta egindako eskariak neuk ekarriko ditut ikastolara azaroaren azkeneko astean abendua goxo-goxo hasteko.

“Egutegiak 10 euro balio du, eta Sarako Ikastolak geletako ekipamendua erosteko izango dira etekinak”

Kasu honetan Eguberriko egutegiaren kanpainarekin zatoz, baina esan daiteke Seaskaren lotura zarela Durangon: Gabonetako egutegiak, Kaskarotenea ikastolaren garagardoak… Denetarik mugitzen duzu batetik bestera?

Zoritxarrez, gaur egun oraindik, Iparraldeko Ikastolak horrelako ekimenen beharretan dira bizirauteko. Urtean behin ospatzen da Herri Urrats helburu jakin baterako, baina ez da aski izaten denentzat, eta ikastola bakoitzak bere sosak atera behar izaten ditu oinarri-oinarrizko gauzak eskuratzeko. Horrek irudimena martxan jarrarazten du, eta, esan duzun bezala, denetarik antolatu eta saldu beharra izaten dute (egutegiak, janari-edariak, saskiak…). Zenbat eta jende gehiagorengana heldu eta zenbat eta gehiago saldu, orduan eta arnas gehiago ikastolentzat.

Ahalegin horretan, bitartekari-lanak pozik egiten ditut Durangon, norberak ipintzen duen aletxoak ekarpen handia egiten duen sentsazioarekin. Zorionez, borondate handia duen jendearengana ailegatzen naiz, eta biltzen dut dirua. Uste dut jendeak pozik ematen duela zerbait trukean hartuta.
Bide batez, konturatu orduko urte berria gainean izango dugu, eta Seaskako egutegi mitikoa ekartzea nahi baduzue, eskatu niri (4 euro).

 

Egutegiak eskatzeko inprimakia