DBH1: Asiar liztorrak harrapatzeko 21 tranpa ipini dituzte

Gure inguruko bioaniztasuna zaintzeko DBH1eko ikasleek asiar liztorrak harrapatzeko tranpak jarri zituzten orain bi aste komunitatearentzako proiektuak irakasgaiaren barruan. Ikasleek plastikozko botilak eraman zituzten tranpa horiek sortzeko. Tranpa prestatu zuten eta Dorkaitz Basarte irakasleak barruan sartzen den nahasketa egin eta tranpak bete zizkien. Guztira 21 tranpa ipini zituzten, zazpina gelako jolastokian, Landakoko erreka inguruan eta Aramotzeko erreka inguruan.

“Egun batzuk barru ikusiko dugu liztorrak erori diren edo ez, eta eroritako intsektuen identifikazioa egingo dugu. Ondoren, berriro tranpak bete eta ipiniko ditugu. Hiru aldiz joaten saiatuko gara ikasturtea amaitu arte. Lortutako datuekin ikasle bakoitzak artikulu zientifiko bat idatzi beharko du”, azaldu du Basartek.

Asiar liztor erreginak dira lehenengo habiak edo habia primarioak egiten dituztenak. Negua lur azpian edo egurretan sartuta pasatzen dute. Lehenengo beroaldiekin irten egiten dira. Martxo hasierako beroekin prozesu hori martxan jarri zuten. Habia primarioak tenis pilota baten tamainakoak dira eta, bertan, erreginak, lehenengo arrautzak jartzen dituzte. Hortik, lehenengo liztor langileak jaiotzen dira. Langile horiek habia sekundarioa egiten dute. Udaberri buakeran- uda hasieran, langile nahiko daudenean, erregina habia handi horretan sartuko da eta ez da gehiago irtengo. Barruan arrautza mordoa jartzen jarraituko du, milaka langile sortuz. Horregatik, orain, udaberri hasieran, erreginak bakarrik daudenean, harrapatzea komeni da. Hartara, habia sekundariorik ez da sortuko eta ez dira milaka liztor langile jaioko. Tranpak beranduago jarrita, langileak harrapatuko genituzke bakarrik eta, horrek ez luke hobekuntza handirik eragingo, milaka langile daudelako.

Proiektu hau iaz jarri genuen martxan ikastolan. Berrizko Iñaki Narbaiza erlezaina Kurutziagarekin kontaktuan jarri zen eta bidelagun izan genuen. Izan ere, erlezainentzako asiar liztorrarena arazo handia da. Asiar liztor batek erlauntza oso bat hil dezake. Beraz, arazo ekonomiko eta ekologiko bat da. “Asiar liztorrek beraien larbak elikatzeko hiltzen dituzte erleak. Erleek landareen polinizazioa egiten dute eta erlerik ez badago landare berriak ezin dira jaio.  Horrren ondorioz, liztor asiarrak Euskal Herriko bioaniztasunean eragina dauka”, gogoratu du Basartek.

Iaz proiektuaren balorazio ona egin zuten. Asiar liztorren tranpen bidez ehun erregina harrapatu zituzten. “Ehun habia gutxiago suposatzen du horrek, eta baita milaka liztor langile gutxiago ere”, nabarmendu du Basartek.
(Argazkia: Iazko tranpetan harrapatutako asiar liztor batzuk. Ezkerrean erle bat)