TANTA ekimena

TANTA ekimena

Aurten ere Euskal Herriko ikastolei beren proiektuak aurrera ateratzen laguntzeko TANTA egitasmoaren ekitaldia martxan da.

Dakizuen bezala, familia bakoitzari 5€ko txartela banatuko zaio eta 60.000€ko saria irabazteko aukera izango du txartel bakoitzaren jabeak. Zozketa 2023ko ekainaren 24an izango da.

Bihar bertan, familia bakoitzak txartel bana jasoko duzue emailez eta maiatzeko fakturan kobratuko da.

TANTA EGITASMOA

Euskal Herriko berezko hezkuntza proiektuaren aldeko elkartasun adierazpena da TANTA, herritarrek Euskal Herriko ikastolen proiektuaren alde ekarpena eginez egikarituko dena. Halaxe azaldu dute Ikastolen Elkarteko eta lurralde bakoitzeko ikastolen aldeko jaietako ordezkariek.

TANTA ekimenean txartel batzuk jarriko dira herritarren esku. Herritarrek bost euroko ekarpena egingo diote Euskal Herriko ikastolen proiektuari, TANTA txartel bakoitzeko. Txartelak eskuratuta, 60.000euroko zozketan parte hartzeko zenbakia ere eskuratzen da. “TANTA txartelaren bitartez, herritarrak partaide izango dira ikastoletako egungo ikasleen garapenean, etorkizunean izan daitezen euskaldun konprometituak, beren buruekiko konfiantzadunak, lankidetzan ikaskideak, erabaki hartzaile kritikoak, euskaldun eleanitzak, ekintzaile gogoetatsuak, jokabide kritikodunak, ikusmira zientifikodunak, orekaren zaintzaileak eta sortzaileak”.

TANTA ikastolen jaien ekimenez sortu bada ere, ikastola guztien egitasmoa da. Horregatik Ikastolen Elkartearen ardurapean gauzatu da ekimena. Urtero, urte horretako jaien ikastola antolatzaileek izango dute elkartasun txartel hauek banatzeko ardura nagusia, baina ikastola guztiek ere parte hartuko dute ekimenean. Guztiak arituko dira herritarren elkartasuna tantaz-tanta biltzen, auzolanean. TANTA egitasmoarekin IKASTOLA EREDUA ere azaldu nahi dute; nondik datozen, non dauden eta nora joan nahi duten adierazi nahi dute. Modu labur eta didaktikoan, ikastolen Historiaren eta egitekoen berri eman nahi da, eta horretarako, ikastolen ibilbidean gako izan diren gertakari, une eta pertsonen berri emango da, bilduma bat osatuz.

NOIZ ETA NOLA

TANTA txartelak jada eskuragarri  dira ikastoletan eta ekimenarekin bat egiten duten denda, elkarte eta tabernetan. Arestian aipatu bezala, bost euroren truke eskuratu ahal izango dira elkartasun txartel hauek.

Bildutako elkartasunaren zati bat herritarrei itzultzeko, 60.000 euroko sariaren zozketa 2023ko ekainaren 24ean egingo da notario aurrean.