Kirol eguna ikastolan

KIROL EGUNA IKASTOLAN

Datorren astean, ekainaren 7an, ostirala, arratsaldez  eta 8an, larunbata, goizez, Ikastolan hainbat urtetan gozatu izan dugun Kirol Eguna ospatuko da.

Zer da Kirol eguna? Ikastolan, kiroletan aritzen diren eta ez direnen jai eta jolas eguna da. Bertan, adin (ikasturte bereko) neska mutikoen artean , kirolaren bitartez, ondo pasatzea eta kirola egitea da helburu nagusia.

PARTE HARTZAILEAK: LH 3, LH 4, LH 5 eta LH 6ko ikasleak.

Helburuak:

1.- Euskararen erabilera sustatu eta bermatu.
2.- Kirolaren eta jarduera fisikoaren balioak zabalduko dituen kultura sustatu.
3.- Elkarbizitza sustatu: gure kirol-taldeek ikastola ordezkatzen duten heinean, txikitatik landuko dira autoestima eta autokonfiantza balioak, eta horrekin batera, egoera desberdinetan agertu behar dituzten jarrerak eta balioak: emakumezko eta gizonezkoen arteko berdintasuna; tolerantzia; integrazioa; aniztasuna; elkartasuna; kiroltasuna; epaileei zein beste taldeetako jokalariei erakutsi beharreko errespetua; joko garbiaren balioa; norberaren erantzukizuna eta konpromisoa; joko-arauekiko begirunea…

IZEN EMATEA: Geletan egingo da tutoreen bitartez. Maila bakoitzeko geletatik sortutako taldeen artean antolatuko dira saioak.

Saio hauen programa datorren osteguneko buletinean jakinaraziko dizuegu.

JOKO GARBIAREN DEKALOGOA

1.- Umeek ez dute jolasten jendea entretenitzeko, ezta garaile izateko ere.

2.- Umeek ondo pasatzeko eta kirolaren bitartez hezitzen joateko jolasten dute.

3.- Txalotu itzazu parte hartzaile guztien ahaleginak. Emaitza ez da garrantzitsuena izan behar.
4.- Ez iezaiezu haserre egin hutsegiteengatik, ikasten ari dira eta. Diozun guztia positiboa izan dadila.
5.- Azal ezazu jardueran parte hartzen dutenenganako begirunea (ikasleak, entrenatzaileak, arbitroak eta jendea).
6.- Eman umeei jardueraz gozatzeko eta erabakiak hartzeko askatasuna.
7.- Errespeta itzazu epaileen erabakiak eta anima itzazu umeak hori egitera eta ezarritako araudiaren arabera jokatzera.
8.- Baztertu indarkeria eta jarrera desegokiak.
9.- Jarduerari amaiera ematerakoan, balora ezazu benetan garrantzia daukana; alegia, bakoitzaren hobekuntza, eta ez lortutako emaitza.
10.- Egin itzazu ahaleginak ikusleek arau hauek bete ditzaten, zeren eta modu horretan, jarduera denentzat onuragarriagoa izan dadin lortuko baituzu.
Zure portaera zure seme-alabentzako eredua izango da.

Beraz, parte hartu eta gozatu kirola egiten!

Kirol Batzordea