Kurutziaga Ikastolaren Hezkuntza Proiektua propioa eta euskalduna da, eta euskal kultura eta euskara transmititzeko konpromisoa du sorreratik, eta munduko gainontzeko kulturekiko irekia dago.
Euskara hizkuntza gutxitua da, eta globalizazioaren garai hauetan, hizkuntza gutxitu baten normalizaziorako bidea ez da erraza. Eta ezagutzan aurrerapausoak eman badira ere, erabilera apalduz joan da azken urteotan. Gure ardura ere bada euskara erdigunean jartzea.
Euskara eta euskal kultura baitira gure hezkuntz proiektuaren ardatz nagusiak, eta honetan komunitate osoa dago inplikatuta: ikasleak, langileak eta familiak. Euskaraz gain, gure etxe honetan hizkuntza gehiago ditugu, baina euskara da guztiok batzen gaituena.
Horregatik, 2023/2024 ikasturte hasierako bilera informatiboetan euskararen ezagutza ez da izango bereizteko arrazoia, baizik eta elkartzekoa. Aurtengo ikasturtean, mailako bilera bakarra egingo dugu ikastola osoan, maila berdineko familia guztiak batzar bakar batean elkartuz.
Bilera hauek euskaraz izango dira, itzulpena behar dutenek aldi-berean jasotzeko aukera izango dutelarik. Zerbitzu hau jasotzeko, aurretik, deialdirekin batera helaraziko den galdetegia bete beharko du erabiltzaileak.
Zuzendaritza Taldea