Giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen bultzatzaile
Kurutziaga Ikastolak bere egiten du Giza Eskubideen Aitorpen Unibertsalaren (1948) 26. artikuluaren edukia, hain zuzen ere honako eduki hauek dakartzana:
- Hezkuntza jasotzeko edozein pertsonak duen eskubidea eta obligazioa, eta horren doakotasuna, gutxienez oinarrizko heziketa aldian.
- Giza eskubideekiko eta oinarrizko askatasunekiko errespetua sendotzea.
- Familiak, lehentasun osoz, seme-alabei eman nahi dien hezkuntza mota aukeratzeko duen eskubidea.
Guztiontzako eskola inklusiboa
Ikasle bakoitza ezberdina dela kontuan hartuko du, eta bakoitzaren eta guztien beharrizanei erantzungo dien hezkuntza jarduera garatzea izango du xede nagusi.
Inklusioaren helburua, hain zuzen, ikasle bakoitzaren eta hezkuntza komunitate osoaren eraldaketa eta aberaste prozesuak berezitasun horien errespetuan garatzea izango da.Horretarako, gelako aniztasunari eta norbanakoaren premiei erantzungo dien hezkuntza eredu esku hartzailetik abiatu eta jarrera irekiak eta parte hartzaileak bultzatuko dira.
Pertsona eta gizarte eredua
Hezkuntza jardunbidearen helburua giza konpetentzien garapen mailarik handiena lortzea izango da, norbanako subjektu gisa, gizarteko kide edo partaide gisa eta naturako partaide gisa.
Kurutziaga Ikastolak, euskal curriculumean definitutako oinarrizko konpetentzien garapena bultzatuko du. Konpetentzietan oinarritutako hezkuntzarekin bat egiten dugu, eta horrenbestez, uste dugu gure ikasleek, konpetentzia horiek guztiak eskuratzeaz gain, denak era bateratu eta integratuan erabiltzeko gai izan behar dutela, egoera ezberdinei irtenbide eraginkorrak emateko.
Kurutziaga Ikastolak erantzuna emango die ikastola aldia amaitu ostean egin beharreko ikasketen beharrei, eta, aldi berean, ikasleei oinarri sendoak eskainiko dizkie, bizitzan zehar gizarteak egingo dizkien eskaerei erantzuteko gai izan daitezen.
Kurutziagak hezkuntzaren ikuspegi integrala du barneratuta; beraz, berrikuntzaren eragile indartsu diren zientziaren eta teknologiaren nahiz IKTen ezagutzari eta erabilerari garrantzia berezia emango die.
Euskal eskola
Kurutziaga Ikastolak euskarak eta euskal kulturak bat egiten duten identitate euskalduna proposatzen du, eta hizkuntzen eta kulturen arteko planteamendu integratzailea sustatu nahi du.
Kurutziaga Ikastolarentzat Euskal Herria euskararen herria da.
Kurutziagak Euskal Herria izena Euskaltzaindiak 2003. urteaz geroztik erabiltzen duen zentzu berean erabiltzen du; hots, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa (Beherea eta Garaia) eta Zuberoa hartzen dituen lurralde multzoa identifikatzeko.