Hezkuntza komunitate gisa
Kurutziaga Ikastolak euskarak eta euskal kulturak bat egiten duten identitate euskalduna proposatzen duenez, bere kudeaketan eta antolakuntza egituran printzipio horiekin koherente izango da.
Hezkuntza komunitatea osatzen duten kide guztien (gurasoak, langileak, ikasleak…) parte hartzea bermatuko da ikastolaren kudeaketan.
Zerbitzu publikoaren filosofiari jarraituta, ikastolak, administrazioarekin batera, oinarrizko hezkuntza jasotzeko edozein pertsonak duen eskubidea eta obligazioa eta horren doakotasuna sustatzeko antolakuntza eredua izan behar du.
Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bermatu ahal izateko, parekidetasunaren printzipioak aintzat hartuko dira kudeaketa organoak osatzerakoan.
Ingurumenaren arazoaz jabetuz, kontsumo arduratsua eta gizarte justuago eta ekologikoki iraunkorrago baten aldeko kudeaketa egingo da. Kudeaketa organoen jarduna elkarrenganako begirunean eta elkarrizketan oinarrituko da, bai eguneroko lanean, baita erabakiak hartzerakoan ere.
Gurasoen kooperatiba gisa
Kurutziaga Ikastola kooperatibaren izaera eta kudeaketa lankidetzan eta gardentasunean oinarritzen da.
Kurutziaga Ikastola kooperatiba autokudeatzen den erakundea da, beste hainbat erakunderekin akordioak sinatzen ditu, baina funtzionamendu egokia izateko eta autonomia maila bati eusteko erantzukizuna bere gain hartuta lan egiten du.
Gure kudeaketa demokratikoa da, bazkide bat boto bat, eta berdintasunaren ekitatea da Kurutziaga Ikastola kooperatibaren kudeaketa ekonomikoaren printzipioa.
Elkartasunaren printzipioari jarraituz, ikastolaren ekintzek kolektibitatearen interesei erantzuten diete, eta komunitatearekiko konpromisoa dute.
Kurutziaga Ikastola eraginkortasun irizpideetan oinarritzen da eskuratu nahi dituen emaitzak lortzeko.
Ikastolen sareko kide gisa
Kurutziagak ikastolen kolektiboko gainerako ikastolekin hezkuntza sarea eratzen du. Sare hori egingarri da elkar sendotzeko guztion artean ezarritako elkarrekiko mendekotasun eta lankidetza loturei esker.
Ikastolen kolektiboak dinamizatu egiten du Kurutziaga Ikastola partaide den hezkuntza sarea bere maila guztietan ongi elkarlotuta eta artikulatuta egon dadin.
Ikastola bakoitzak izaera propioa du, baita Kurutziagak ere; hori da ikastola taldearen edo kolektiboaren garapena eutsigarri izateko bermerik onena.
Kurutziaga Ikastolak lankidetza harremanak eta itunak ezarriak ditu hezkuntza, kultura eta gizarte arlo desberdinetako beste agente batzuekin.