Euskaraldia: Eman izena!

Euskaraldia izena emateko epea zabalik dago. Zure rola aukeratu eta maiatzaren 15etik 25era bitartean Euskaraldian parte hartzeko aukera izango duzu.

Euskaraldia euskara ulertzen duten hiztunen hizkuntza-ohiturak aldatzeko mugimendu soziala da, Euskal Herri osoan eragiteko sortua. Mugimenduak herritarren hizkuntza-praktikak aktibatu eta euskararen erabilera handitu nahi du, eguneroko harremanetan euskara lehenetsiz eta 11 eguneko praktika sozial masibo bateratu baten bidez.

Euskaraldiaren helburuak zabaltzeko unea iritsi da: ez da soilik ariketa egun horietara mugatzen den dinamika, euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua elikatu eta gizartean errotu nahi duen ekimena baizik.

Beste era batera esanda, Euskaraldiaren helburu nagusia hizkuntza-ohituren inertziak astindu eta herritarrek euskara gehiago erabiltzeko urratsak ematea da, eta, horrez gain, entitateek ere euskaraz bizitzeko aukerak eta neurriak hartzea sustatu nahi da. Euskaraldiak, modu kolektibo eta sozial batean, tokian tokiko euskalgintza aktibatzea eta elkarlanean aritzea ahalbidetzen du, euskaraz bizitzea posible egingo duten neurriak eta espazioak sortuz.