TANTA ekimena

TANTA ekimena

Aurten ere Euskal Herriko ikastolei beren proiektuak aurrera ateratzen laguntzeko TANTA egitasmoaren ekitaldia martxan da.

Dakizuen bezala, familia bakoitzari 5€ko txartela banatuko zaio eta 60.000€ko saria irabazteko aukera izango du txartel bakoitzaren jabeak. Zozketa 2025eko ekainaren 20an izango da.

Datorren asteartean, familia bakoitzak txartel bana jasoko duzue emailez eta maiatzeko fakturan kobratuko da.

*Zozketa 2025eko ekainaren 20an egingo da notario aurrean. Zenbaki saritua eta ordezkoa ikastola.eus webgunean agertuko dira. Saria hilabeteko epean jaso behar da. Zenbaki saritua epe horretan azaltzen ez bada, ordezkoak hilabete bateko epea izango du saria jasotzeko.

TANTA EGITASMOA

Euskal Herriko berezko hezkuntza proiektuaren aldeko elkartasun adierazpena da TANTA, herritarrek Euskal Herriko ikastolen proiektuaren alde ekarpena eginez egikarituko dena.

TANTA ekimenean txartel batzuk jartzen dira herritarren esku. Herritarrek bost euroko ekarpena egingo diote Euskal Herriko ikastolen proiektuari, TANTA txartel bakoitzeko. Txartelak eskuratuta, 60.000euroko zozketan parte hartzeko zenbakia ere eskuratzen da. “TANTA txartelaren bitartez, herritarrak partaide izango dira ikastoletako egungo ikasleen garapenean, etorkizunean izan daitezen euskaldun konprometituak, beren buruekiko konfiantzadunak, lankidetzan ikaskideak, erabaki hartzaile kritikoak, euskaldun eleanitzak, ekintzaile gogoetatsuak, jokabide kritikodunak, ikusmira zientifikodunak, orekaren zaintzaileak eta sortzaileak”.

TANTA ikastolen jaien ekimenez sortu bada ere, ikastola guztien egitasmoa da. Horregatik Ikastolen Elkartearen ardurapean gauzatu da ekimena. Urtero, urte horretako jaien ikastola antolatzaileek izango dute elkartasun txartel hauek banatzeko ardura nagusia, baina ikastola guztiek ere parte hartuko dute ekimenean. Guztiak arituko dira herritarren elkartasuna tantaz-tanta biltzen, auzolanean. TANTA egitasmoarekin IKASTOLA EREDUA ere azaldu nahi dute; nondik datozen, non dauden eta nora joan nahi duten adierazi nahi dute. Modu labur eta didaktikoan, ikastolen Historiaren eta egitekoen berri eman nahi da, eta horretarako, ikastolen ibilbidean gako izan diren gertakari, une eta pertsonen berri emango da, bilduma bat osatuz.

‘Tanta’ txartelaren aurtengo ekitaldirako hautatutako elkartea Zirimola, Ikastolen Aisialdi Taldearen Hezitzaile eskola da. 2001. urtean sortu zen ikastolen aisialdiko hezitzaile eskola. Hezkuntza ez-formalak haur, gazte eta nerabeen heziketan duen garrantziaz jabeturik, eurkara eta euskal kulturan ardaztutako aisialdi hezitzailea garatzeko prestakuntza martxan jarri zuen laster mende laurdena beteko duen egitasmoaren bitartez. Ordutik milaka hezitzaile formatu ditu Zirimolako Hezitzaile Eskolak. Egun, batez beste urtean 450 ikaslerentzat ikastaroak eskaintzen ditu.