ERRIGORA: oliba-olioa, kontserbak, arroza eta pasta

Kurutziaga ikastola ERRIGORAren banaketa gunea da.

Egin eskaria online eta jaso zure produktuak ikastolan bertan.

Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpaina gure eguneroko kontsumo ohiturez harro egoteko bide bat da: Nafarroa hegoaldeko oliba-olio birjina estrarekin, kontserbekin, arrozarekin eta pastarekin urte guztirako despentsa betetzea proposatzen dizugu, ekoizlearen jatorrizko prezioan eta euskaraz etiketatuta produktuok zure herrian jasotzeko aukera emanez.

Produktuak formato handian eskaintzen dira: oliba-olio birjina estra 5 litroko bidoietan eta pasta, arroza eta kontserbak 12 ontziko sortetan (esaterako, zainzuriak nahi badituzu, 12 ontzikoa da egin dezakezun eskaera txikiena). Esan bezala, ideia ondorengoa da: urtean behin urte guztirako eskaera egitea.

Milaka gara, bestela kontsumitzeko asmoz, Euskal Herriaren luze-zabalean kanpaina honetan parte hartzen dugun herritarrak. Eskaeren tamainari eta auzolanean kanpainaren berri eman, eskaerak jaso eta banaketa antolatzen aritzen garen ehunka lagunen borondatezko lanari esker, ekoizlearen jatorrizko prezioan eskura ditzakezu produktuak zeure herrian.

Zure hautuez harro egon nahi baduzu, egizu eskaera otsailaren 27tik martxoaren 12ra.

 

OTSAILAREN 27TIK MARTXOAREN 12RA
ESKAERA EGIN

Oliba-olio birjina estra (5 litroko bidoietan) eta pasta, arroza eta kontserbak (12 ontziko sortetan) eskatu ahal dituzu, ekologikoak edo ez-ekologikoak. “Eskaerak” atalean nahi beste produktu saskiratu ondoren, eskaera-prozesua hasiko duzu. Erabiltzailerik sortuta ez baduzu, zure datuak sartu eta, ondoren, produktuak jasotzeko gune bat aukeratu beharko duzu.

Ordainketa online, txartel bidez, egin beharko da eta momentuan oliba-olioa baino ez zaizu kobratuko; kontserbei, arrozari eta pastari dagokion kargua maiatzean egingo zaizu (txartelaren zenbakia ez duzu berriz sartu beharko).

MARTXOA – APIRILA
OLIBA-OLIOA JASO

Martxoaren amaieran edo apirilean jasoko duzu oliba-olio birjina estra, mezu bat bidaliko dizugu jasotzeko egun eta ordutegiarekin.

MAIATZA
KONTSERBAK, ARROZA ETA PASTA JASO

Maiatzean jasoko dituzu kontserbak, arroza eta pasta,  mezu bat bidaliko dizugu jasotzeko egun eta ordutegiarekin. Banaketaren aurreko egunetan egingo zaizu kargua kontuan (txartelaren zenbakia ez duzu berriz sartu beharko).