Seme-alabari estreinakoz mugikorra noiz eman [Argia]

Gurasoentzat, buruko min gehien ematen duen kontuetako bat mugikorrena da. Zein adin daukatenean erosi, erabilera nola arautu… Liskar iturri agorrezina etxe askotan, helduak elkarrekin biltzen hasi dira hainbat herritan, teknologiaren bueltan lanketa egin eta umeei mugikorra emateko adina atzeratzea helburu. Argi dute erabakiak taldean hartu behar dituztela, bakoitzak bere aldetik eginez gero pieza guztiak errenkadan eroriko direlako, domino baten antzera, inork ez baitu nahi haurra isolatua sentitzea mugikorrik ez daukalako. “Kontziente izan behar dugu umeari mugikorra erosten diogunean eragina duela bere inguru osoan”, esan digute “Gure aukera, guk 16” taldeko kideek.

Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolako bost gurasok sortu dute “Gure aukera, guk 16” ekimena, gaur gaurkoz “utopia” dirudien arren, umeek 16 urte izan arte mugikorrik ez izatea xede duena. Badakite emaitzak ez direla berehalakoan etorriko eta apurka-apurka hasi dira, maila bereko gurasoen artean itun modukoak egiten, telefonoa emateko adina gradualki atzeratzen joateko. Bidean, teknologiaren hamaika adarren gaineko lanketa egin nahi dute, arreta jarriaz ume zein helduek egiten duten erabileran, guztiok jabetu behar dugulako zein tresna “potentea” daukagun esku artean.

2019an hasi ziren gaia lantzen, ikastolako ama eta Bidelagun proiektuaren sustatzaile Miren Rosek teknologiaz emandako guraso eskola abiapuntu. “Askok genuen kezka bera, baina bakoitzak ahal bezala egiten zion aurre bereari. Jabetu ginen elkarrekin arituz gero zerbait egin genezakeela”, azaldu digute Miren Rosek eta Amaia Elorzak. Azken horrek 7 eta 9 urteko bi alaba ditu Salbatore Mitxelenan. “Gaiaz hitz egiten hasi ginen, adituek idatzitakoak irakurtzen, eta konturatu ginen haurrei goizegi ematen diegula mugikorra. 9-10 urteko umearen burmuina ez dago prest tamainako erreminta erabiltzeko, gaitasunik ez duelako informazio guztia prozesatzeko, filtrorik gabe iristen zaiona tartean. Haurraren garapenaz hitz egiten da, 11 urteko umea oso heldua izan daitekeela bere adinerako. Ez, ez behintzat horrelako tresna bat maneiatzeko. Helduok ere ez dugu ongi erabiltzen eta!”. Adibide bat jarri digute: “Ondokoaren seme-alabari argazkia atera eta besterik gabe bidaltzen dugu whatsappez, ziur asko baimenik ere eskatu gabe. Gurasook maiz ez baldin bagara kontziente egiten dugunaz, pentsa umeak. Aldagelan-eta ateratzen dituzten argazkiek, esaterako, min handia eman dezakete, baina 12 urterekin ez dira kontziente”.

"Gure aukera, guk 16" taldeko kide dira Miren Ros (ezkerrean) eta Amaia Elorza, Zarauzko ikastolako gurasoak. "Lortuko bagenu umeek 9-10 urte dituztenean ez baizik eta 12rekin ematea mugikorra, pauso handia litzateke, are gehiago aurrez lanketa egin baldin badugu etxean", diote. / JON TORNER ZABALA

“Gure aukera, guk 16” taldeko kide dira Miren Ros (ezkerrean) eta Amaia Elorza, Zarauzko ikastolako gurasoak. “Lortuko bagenu umeek 9-10 urte dituztenean ez baizik eta 12rekin ematea mugikorra, pauso handia litzateke, are gehiago aurrez lanketa egin baldin badugu etxean”, diote. / JON TORNER ZABALA

Jarraitu artikulua irakurtzen HEMEN.