5 martxoa, 2013

Irakaslearen profil orokorra

Kurutziaga Ikastolako irakasleek izan behar dituzten oinarrizko konpetentziak definitzeko, beraien lan jarduneko hiru adar hauek hartu behar dira kontuan:

  • Gurasoek, irakasleek eta ikasleek osatutako hezkuntza komunitateko kide dira.
  • Ikasleen hezitzaile eta prestakuntzako gidari dira.
  • Etengabe aldatzen ari den gizarte bateko kide dira.

Hori kontuan harturik, ikastolako irakasleen profil orokorra horrela definitzen da:

Euskara denez hizkuntza nagusia eta ikuspegi eleaniztunaren ardatz, ikastolako irakasleak maila altuko hizkuntza eskakizuna bete behar du euskaraz, eta, bere betebehar didaktikoek hala eskatzen badute, baita gaztelaniaz, ingelesez edota frantsesez ere.

Era berean, prestakuntza eta jarrera egokiak behar ditu ikasleek oinarrizko konpetentziak gara ditzaten laguntzeko, curriculumeko arloen bidez eta ikastola bizitzatik kanpoko egoeretan eta eremuetan.

Azkenik, familien, ikasleen eta gizartearen espektatibak kontuan hartuko ditu, eta ikastola eredua etengabe hobetzen lagunduko du.