5 martxoa, 2013

Ikaslearen irteera profila

Bizitza osorako hezkuntzaren xedeak

Kurutziaga Ikastolako ikasleek giza garapen handiena lortzea da ikastolaren xedea:

  • Norbanako edo izaki gisa.
  • Gizarteko kide gisa.
  • Naturako partaide gisa.

Hezkuntzaren xedeak Oinarrizko Hezkuntzarako

  • Ikasleak etorkizunean bizitza betea duten pertsona helduak izan daitezen prestatu nahi ditu.
  • Ikasleek euskal kulturaren eta kultura unibertsalaren oinarrizko elementuak berenganatu behar dituzte.
  • Ikastolaldia bukatu eta geroko ikasketak berme osoz egin ditzaten edota lan-munduan berme osoz sar daitezen prestatu behar dira ikasleak.
  • Ikasleak sentiberatu eta trebatu egin behar dira, bizitza osoan zehar ezagutzak eskuratu eta konpetentziak etengabe garatzeko gai izan daitezen.

Aurrez aipatutako hezkuntza xedeak lortzeko, Kurutziaga Ikastolarentzat oinarrizkoak eta baliozkoak dira Europako Parlamentuak eta Euskal Curriculumak proposatutako konpetentziak.

Hauek dira Europako Parlamentuak proposatutako oinarrizko zortzi konpetentziak:

  • Ama hizkuntzan komunikatzea
  • Atzerriko hizkuntzetan komunikatzea
  • Matematika, zientzia eta teknologia arloko oinarrizko konpetentziak
  • Konpetentzia digitalak
  • Ikasten ikastea
  • Gizarte konpetentziak
  • Izaera ekintzailea eta enpresa izpiritua
  • Kultura kontzientzia eta kultura adierazpena

Eta hauek Euskal Curriculumean proposatzen diren hezkuntza konpetentzia orokorrak:

  1. Ikasten eta pentsatzen ikastea
  2. Komunikatzen ikastea
  3. Elkarrekin bizitzen ikastea
  4. Norbera izaten ikastea
  5. Egiten eta ekiten ikastea

Azken bost horiek ardatz izango dira aurrez aipaturiko hezkuntza xedeak lortzeko, eta modu eraginkorrean txertatuko dira ikasgai guztietako eduki eta jarrera prozeduretan, Europako Parlamentuak gomendatutako zortzi oinarrizko konpetentzien lorpena ahalbideratzeko, eta, era berean, ikasleek ondoren aipatzen den profil orokorra lortzeko.

Kurutziagako ikasleen profila aipatzen dugunean, ikasleek ikastolaldia bukatzean nolakoak izatea lortu nahi dugun adierazi nahi da. Eta profil hori definitzeko, bi eremu hartzen dira kontuan: batetik, pertsonala, eta, bestetik, akademikoa eta lan mundukoa:

  1. Eremu pertsonala, ondoko egoerak bereizita:
    • Eremu pribatuko egoerak:
      • eguneroko bizitza.
      • bizitza ludiko-estetikoa.
      • bizitza afektibo-emozionala.
    • Eremu publikoko egoerak:
      • bizitza soziala.
    • Naturaren eremuko egoerak:
      • bizitza fisiko eta naturala.
  2. Eremu akademikoa eta lan munduaren eremua, ondoko egoerak bereizita:
    • Bizitza akademikoko egoerak:
      • Geroko ikasketetarako prestatuta egoteko oinarrizko formazioaren jabe izateak eskatuko dizkionak.
    • Lan bizitzako egoerak:
      • lan munduan txertatzeko oinarrizkotzat hartzen direnak.

Aurrekoa kontuan hartuta, Kurutziaga Ikastolako ikasleak, ikastolaldia bukatzean, profil hau izango du:

    • Ikaslea gai izango da euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, eguneroko bizitzan, egoera bakoitzak eskatzen duen erabilera egokia eta eraginkorra egiteko, idatziz zein ahoz, ezagutzak sortzeko eta komunikatzeko; iritziak, sentimenduak eta esperientziak adierazteko; pentsamenduak antolatzeko, emozioak eta portaerak autoerregulatzeko eta baita elkarbizitza kudeatzeko ere. Era berean, kultura literarioa izango du, Euskal Herrikoa nahiz unibertsala, inguratzen duen mundua eta bere burua hobeto ulertzen lagunduko diona.

 

  • Ikaslea gai izango da bizitzako hainbat eremu eta egoeratan gizarte zientzietako ezagutzak eta metodologiak erabiliz, bere burua, kide den taldea eta bizi den mundua ulertzeko, eta, horren ondorioz, hiritar arduratsu moduan gizarte demokratiko eta anitz baten alde egiteko.

 

  • Ikaslea gai izango da bizitzako hainbat eremutan eta egoeratan ezagutza eta metodologia zientifikoa erabiliz bere burua eta natura ulertzeko. Aldi berean, gai izango da bere jokabideak eta, oro har, gizakiarenak naturan eragiten dituen aldaketak identifikatzeko, eta horien aurrean erabaki arduratsuak hartzeko.

 

  • Ikaslea gai izango da teknika eta ezagutza zientifikoak zentzuz eta arduraz aplikatzeko, arazo praktikoei irtenbidea emateko eta gizakion behar eta desirak asetzeko bizitzako hainbat eremu eta egoeratan.

 

  • Ikaslea, herritar arduratsu gisa, gai izango da matematikak gaur egungo gizartean duen funtzioa identifikatzeko eta ulertzeko, eta arrazonamendu matematikoaren garapenaz eta aplikazioaz baliatuta, bizitzako arazoei irtenbidea emateko.

 

  • Ikaslea gai izango da musika eta dantza ezagutzak erabilita, eremu eta egoera bakoitzean adierazteko eta komunikatzeko; bere buruarekin, ingurune sozialarekin eta natura-ingurunearekin gozatzeko eta harmonian bizitzeko.

 

  • Ikaslea gai izango da adierazpen artistikoak interpretatzeko eta balioesteko, bai eta hizkuntza plastikoaren eta bisualaren bidez adierazteko eta komunikatzeko ere beharrezko eremu eta egoeretan, bizitzako errealitateari buruzko sentimenduak, ideiak edo sentsazioak adierazteko, eta horrela besteei komunikatu ahal izateko.

 

  • Ikaslea gai izango da, duen jokabide motorrarekin, bere buruarekin, inguru sozialarekin, kulturalarekin eta fisikoarekin oreka bilatzeko.

 

  • Ikaslea gai izango da, bere bizitzako eremuetan, egoera bakoitzak eskatzen duen IKT eta bestelako baliabideen erabilera egokia, eraginkorra, kritikoa eta arduratsua egiteko: informazioa kudeatzeko, elkarlanean aritzeko, ekintzaile izateko eta horrekin guztiarekin ezagutza sortu eta partekatzeko.

 

  • Ikasleak bizitzako hainbat eremu eta egoeratan moldatzea errazten dion jokabidea izango du. Gai izango da bere buruaz dituen ezagutzak erabiltzeko, norberaren eta besteen emozioek eragiten dizkioten aldaketak identifikatzeko, eta bakarka edo taldean elkarreraginez modu ludikoan aritzeko.

 

  • Ikaslea gai izango da jarrera kritikoan eta ekintzailean oinarrituta erabakiak hartzeko eta bere bizitza zentzuz bideratzeko. Gai izango da ibilbidea aukeratzeko eta egindako aukeren ardura izateko, bizitzako hainbat eremu eta egoeratan, eta, bereziki, gai izango da bere interes eta gaitasunekin bat datorren aukera akademikoa edo lan-aukera egokiena zein den erabakitzeko bere burua eta errealitatea ezagututa.