5 martxoa, 2013

Haur hezkuntza

Haur Hezkuntza haurrak pertsona gisa izango duen garapenean berebiziko garrantzia duen eskola aldia dugu. Adin hauetan jada hasten dira azaltzen sormena eta jakingura, nortasuna, norberaren buruarekiko konfiantza eta autoestimua, autonomia eta iniziatiba. Hazkuntza fisikoa eta garapen psikomotore, pertzeptibo eta intelektuala.

Haur Hezkuntza haurraren hazkuntza eta garapen osasuntsua bultzatu eta aberastuko dituen bizitzako testuinguru aberats, erakargarri, seguru, sortzaile eta ekintzailetzat ulertzen dugu. Ikastola haurren bizitzako beste gune bat denez famili girokoa, dinamikoa eta irekia.

Haurra jaiotzen den unetik jada baden pertsonatzat hartzen dugu, gaitasun, adimen eta emozioz osatua, jakin-mina eta era askotara komunikatzeko desioa duena, inguruarekin eta pertsonekin etengabeko harremanetan garatzen dena eta komunikaziorako beharrezkoak izango dituen tresnak eta hizkuntzak pixkanaka bereganatuz joango dena. Haurra bizirauteko gaitasun guztiak dakartzan pertsona da. Gaitasun horiek berezkoak dira, ez ditu ikasi behar, ez dira irakasten, soilik garatu egiten dira modu batera edo bestera eskainiko zaizkion testuinguruaren arabera.

Garapen horretan laguntzeko, haurra entzuten dakien Haur Hezkuntza izan nahi dugu. Inguratzen duen munduarekin harremanetan jarri eta berau deskubritzeko duen modua ulertzen dakiena. Haurrak gorputza, begirada, keinu eta harreman bidez bidaltzen dituen seinaleak jaso eta interpretatzen dituen garapen testuinguru aberatsa alegia.

Kurutziaga Ikastolako Haur Hezkuntzak , bere baitan hiru dimentsio biltzen dituen eredu pedagogikoaren hautua egiten du. Pertsona, testuingurua eta ikaskuntz-irakaskuntza prozesuen arteko elkarrekintza harmoniatsua ardatz duen proposamen pedagogikoa alegia.

Ziurtasun afektiboa, esplorazio askea , esanguratsua eta eraikitzailea, aniztasun eta inklusioa , elkarrekintza eta elkarbizitza, aprendizaia kooperatiboa eta adimen anitzak ezinbesteko baldintza bihurtzen dira gure jardunean .
Kurutziaga ikastolako Haur Hezkuntzan era askotariko estrategia metodologiko aktiboen alde egiten dugu:

· Txokoak (Adimen anitzak)
· Lan proiektuak (metodo zientifikoa)
· Ikasketa kooperatiboa·
· Tailerra
· Errutinak