Errugbia eta elkartasuna: Gammar proiektua
Kaixo Lagun!
Aurten ere VIII.Ikastetxeen Tag Errugbi Topaketa 2018 antolatu dugu eta azken hiru urteetan bezala, errugbia elkartasunezko ekintza batekin lotu nahi izan dugu. Hori dela eta, zortzigarren topaketa honetan Saharako emakumeak laguntzeko asmoa dugu. Horretarako, Rio de Oro Durango eta Durango Rugby Taldea elkartu egin gara. Elkartasun honen bitartez, Gammar proiektua bultzatzeko asmoa dugu.
Honela definitzen du Gammar proiektua Rio de Oro elkarteak: “Rio de Oro proiektu berri batean ari da lanean Tindufeko Saharar errefuxiatuen kanpamenduetan. Gammar proiektua Saharako Emakumeen Batasun Nazionalaren aldeko euskal sarearen haritxoetako bat da. Saharar eta euskal emakumeen arteko ahizpatasuna indartzea eta errefuxiatu kanpamentuetan dauden Emakumeen Etxeetan garatzen diren ekintzei babesa ematea da sarearen egitekoa. Saharako errefuxiatuen kanpamentuetan ere, emakumeen artean gorputzari eta hilekoaren zikloari buruz askatasunez berba egiteko espazioak sortzea bilatzen dugu. SEBNeko osasun eragileekin elkarlanean aritu gara, anatomia, hilekoaren zikloa eta odola batzeko alternatiba ezberdinak lantzen, hauen artean kopa menstruala, batzuk eraman ditugu bertako emakumeek ezagutu eta froga ditzaten. Eragileek emakumeen etxeetan tailerrak egiten jarraituko dute.”
Guzti hau gauzatzeko, VIII.Ikastetxeen Tag Errugbi Topaketa 2018 parte hartuko duten ikastetxeekin elkarlanean, edozein mailetako ume edo/eta gazte bakoitzak, topaketan parte hartu edo ez, euro bateko (1€) dohaintza egiteko aukera izatea nahiko genuke, ikastetxeetan banatuko ditugun poteetan euren dohaintza sartuz. Bildutako dirua Gammar proiektua gauzatzeko erabiliko dugu.
IKASTOLAN, DOHANTZA EGITEKO AUKERA: MAIATZAREN 14TIK-18RA.
NOLA:
IKASLEEK GELETARA DOHANTZA HORI ERAMANEZ (TUTOREARI EMANDA): LH 4tik DBH 4ra.
IDAZKARITZAN JARRIKO DEN POTEAN DOHANTZA EGINEZ: gainontzeko ikasleek.