Atzoko egunez izan genuen Ikastolako Ohiko Batzar Nagusia eta dozenaka lagun batu ginen. Bertan izandakoek eta boto delegatuen batuketak quoruma gainditu zuten. Partaideei etorrera eskertuz hasi genuen bilera, baina batzarrean parte hartzeko derrigortasuna aipatzen dugu, izan ere Kurutziaga bazkide guztiona da.
Kooperatiba legeari jarraituz, aurreko ikasturteko memoria eta iazko kontuen emaitzak azaldu, eta horien onarpenerako bozketa egin zen. Aldez aurretik, Artezkaritzako kide barriak aukeratu zituen Batzar Nagusiak, kasu honetan Oihana Riesco eta Bihotz Barrenetxea.
2023-2024 IKASTURTEKO MEMORIA
Puntu hauetan egin zen deskargua:
- Hezkuntza mailan emandako berrikuntzak etapa bakoitzean.
- Prestakuntza mailan egindako lanak eta irakasleek IKT-etan lortutako akreditazio ezberdinak azaldu ziren. Baita ere Guk16 bitartez landutako prestakuntza Durango mailan.
- Ikastolen Elkartea eta VII. Batzarraren inguruko informazioa.
- 2024ko udan egindako inbertsioen azalpena.
- Emaitza ekonomikoak.
Emandako azalpenen ostean Batzarrak emaitzen inguruko bozketa egin zuen eta emaitzak hau izan zen:
- Aldeko botoak: 87
- Kontrako botoak: 0
- Zuriak: 2
- Baliogabeak: 0
2024-2025 IKASTURTEKO KUDEAKETA PLANA
Puntu honetan Ikastolak landuko dituen arlo akademikoko kontuak azaldu ziren, baita ere Hezkuntza Legeak dakarrenaren inguruko lanketa egingo zela aipatu zen arlo ekonomikotik, besteak beste. Bestalde, euskarak gaur egun bizi duen egoera larria dela eta, Ikastolaren kezka adierazi zuten arduradunek. Gai honetan sakontzeko Iñaki Iurrebasoren bideoa proiektatu genuen.
Honekin batera gailu digitalen inguruko araudiaren inguruko azalpenak eman ziren. ARAUDIA webgunean duzue.
Azkenik, Ikastolako irudi korporatibo berria eta ikur berria erakutsi zen, prozesua nola izan den azalduz.
Emandako azalpenen ostean, batzarrak Kudeaketa Planaren eta aurrekontuen bozketak egin zituen, honako emaitzagaz:
- Aldeko botoak: 87
- Kontrako botoak: 1
- Zuriak: 4
- Baliogabeak: 0