Urko Rodriguez: “Guretzako ezinbestekoa da familien asebetetzea ezagutzea zelan eta non hobetu jakiteko”

Ikasturtearen amaierara begira gauden honetan, aurtengoak emandakoa eta datorrena zelan antolatu aztertzen ari da Kurutziagako Zuzendaritza. Hainbat alor hartu behar dira kontuan horretarako, eta ikastolako familien iritzia ezagutzeari ezinbestekoa deritzo Urko Rodriguezek (Kurutziagako Zuzendari Gerentea).

Buletin honekin batera asebetetze galdetegia bidaliko zaie familiei.

Halaxe da, bai. Bi urterik behin bidali izan dugu eta iazko ikasturtean bidaltzea zegokigun arren, iaz bestelako galdetegi bat bidali genuen egoera erabat ezohikoa zelako.

Guretzako ezinbestekoa da familien asebetetzea ezagutzea zelan eta non hobetu jakiteko. Horregatik, galderak alor akademikoari buruzkoak ezeze, zerbitzuei eta antolakuntza dagozkionak ere badira. Irudi orokorra da jaso gura duguna, eta horretarako, galdera kopurua murriztu eta betetzeko errazagoa egin dugu. Bost minutuan betetzen da eta guretzako oso informazio baliagarria da (galdetegia hemen)

“Galderak alor akademikoari buruzkoak ezeze, zerbitzuei eta antolakuntza dagozkionak ere badira”

Galdetzeak erantzutea dakar. Noiz aukeztuko dira asebetetze galdetegiaren emaitzak?

Gure asmoa ekainean egingo den Batzar Nagusian aurkeztea da.

Datorren ikasturtera begira jarrita zaudete honezkero. Ezer aurreratzerik bai?

Pandemiak zelan baldintzatuko gaituen jakiterik ez dago. Ezarri beharreko protokoloak Osasun Sailetik etorriko dira eta, jakina, oraindik ez daukagu horren berririk. Edozelan ere, aurtengo ikasturtea zelan joan den ikusita, iaz baino lasaiago gaude. Iazkoa erabateko ezjakintasuna izan zen.

“Badakigu Hezkuntza Sailburuak komunikabideren batean esan duela jardun etenera itzultzeari buruzko zerbait baina guk ez dugu, ez agindurik, ez ezelako dekreturik jaso”

Bolo-bolo dabil DBHn jardun etenera bueltatzeko aginduko dela.

Badakigu EAEko Hezkuntza Sailburuak (Jokin Bildarratz) komunikabideren batean esan duela jardun etenera itzultzeari buruzko zerbait baina guk ez dugu, ez agindurik, ez ezelako dekreturik jaso. Jasoko bagenu, ahalik eta lasterren jarriko genuke jakinaren gainean gure komunitatea.

Beraz, amaitu dezagun ahalik eta ondoen ikasturte hau, oraindik zatitxo falta baita, eta ikusiko dugu geroak zer dakarren. Animo eta zaindu dezagun elkar!