Saroa Bikandi: “Gure seme alabei irakurtzen jarraitu behar dugu”

Saroa Bikandi Lopez (Durango)

Galtzagorri elkarteko kidea da Saroa. Haur eta gazteen irakurzaletasuna bultzatzea eta euskarazko haur eta gazte literatura sustatzea eta ezagutaraztea da elkartearen asmoa eta zeregin horretan dihardu durangarrak. Ikasturte hasieran Lehen Hezkuntzako irakasleekin izan zen irakurzaletasuna sustatzeko formakuntza tailer bat ematen. Kurutziagako guraso ere bada.

Zer da irakasleekin egindako tailerrotan lantzen duzuena?

Helburua da irakasleei baliabideak ematea irakurzaletasuna sustatu dezaten ikasgeletan. Gurako genukeena lortzeko denbora gehiago beharko genuke, baina lehenik eta behin nahi duguna da hausnartzera bultzatzea eta apur bat astintzea: zer da irakurzaletasuna? Zelan mugitzen gara literaturaren inguruan?…

Oro har, zein da irakasleek literaturakiko duten begirada?

Ikaskuntza prozesuak hainbat helburu dituenez, esango nuke, batipat, irakurketa akademikoa dela egiten dena. Hau da: irakurri ikasteko edo ikasi irakurteko. Noski, guk alderdi hori ez dugu zalantzan jarriko, baina bai bereizten dugula irakurketa akademikoa eta irakurzaletasuna. Zaletasuna den neurrian plazeretik izan behar du, eta horrek eskatzen du eskolan beste espazio bat zabaltzea. Zaletasuna, bestalde, aukera bat da: izan zaitezke irakurzalea edo ez. Edo orain ez eta gero bai, eta alderantziz.

“Eskolak egin behar duena da literatura eman”

Eta zein da eskolaren funtzioa irakurzaletasunari dagokionez?

Badirudi eskolak haurrak eta gazteak zaletu egin behar dituela, baina hori gehiegi eskatzea da. Gure ustez eskolak egin behar duena da literatura eman. Literaturarako hurbilketa aske bat eskaini. Ze, bestela, zein da hamar urteko gaztetxo batek literaturaz duen irudia? Letra mordoa dituen liburukote batena. Guk aldarrikatzen dugu album ilustratuari, edo komikiari ere bere lekua egitea, bere balioa aitortzea, ez dela adin batetik aurrera albora utzi beharreko zerbait. Aukerak eman behar dira irakurzaletasuna sustatzeko eta norberak bere ibilbide literario pertsonala sortu ahal izateko.

Proposamen konkreturik egiten duzue?

Bada, bai. Guk proposatzen diegu irakasleei egunero hamar minutuz ozen irakurtzea. Besarkada literario bat ematea deitzen diogu horri. Baina bueltan ezer eskatu barik: ez irakurritakoaren laburpena egiteko, ez marrazki bat, ez ezer. Horrela, hilabete batean irakurriko dugu liburu bat, hurrengoan album bat, hurrengoan… Jakina, proposamen honek berdin-berdin balio du gurasoentzako ere.

“Irakurketa deskodetzen hasten dira eta, kolpetik, zuzenean, bagoaz irakurle autonomoaren bila”

Gurasoentzak balio badu, azalduiguzu…

Zer gertatzen zaigu etxeetan? Haurrak HHn dauden bitartean ipuinak irakurri edo kontatzen dizkiegu. Gero, LHn irakurketa deskodetzen hasten dira eta, kolpetik, zuzenean, bagoaz irakurle autonomoaren bila. Gainera, haurrari esaten diogu berak bakarrik egin behar duela irakurketa. Eta kontuz! Bera irakurtzen ikasten ari da baina irakurketaren plazera ez du oraindik eskuratu. Hor apurketa itzela gertatzen da irakurketaren inguruan. Euren ulermen maila askoz handiagoa baita euren irakurketa gaitasuna baino, eta hor plazerak galtzen du. Mesedez, jarraitu dezagun irakurtzen!

Eta orain gurasoak galdetzen du: Noiz arte?

Zeuk gura duzun arte!… Zergatik ez? Horrek ez du esan nahi gaztetxoak bere irakurle ibilbide autonomoa egingo ez duenik. Hemen oso barneratuta daukagu irakurketa zerbait pertsonala eta banakakoa dela, eta ez dauka zertan horrela izan. Federico Martín Nebrasek dioen moduan “Irakurtzen ikustea eta irakurtzen entzutea, irakurtzea da”.

“Helduak haurrari erosoen sentitzen den hizkuntzan irakurri diezaiola”

Irakurriko den horren hizkuntza ere sarritan zalantza iturri edo aitzakia izaten da.

Ez luke izan behar. Helduak haurrari irakurri behar badio, irakurri diezaiola bera erosoen sentitzen den hizkuntzan. Entzulearengan sortzen duen plazera ulermenari dagokio, ez hizkuntza bati edo besteari. Hizkuntza batean irakurtzeak ez du inondik ere beste hizkuntza batean izango duen gaitasuna kolokan jartzen, alderantziz.

Galtzagorriko jardunaz gainera, irakurzaletasunaren eta literaturaren unibertsoan murgilduta zaude erabat.

Bai Peru Magdalenarekin batera Hegoak proiektuarekin nabil eta inguruko liburutegietan hainbat irakurle talde ditugu. 0-3 adin tartetik Azalerako ipuinak-ekin hasi eta helduentzako irakurle taldeetara arte.

Gainera, eta hau primizian diotsut, Durangoko Azokarako Azalerako ipuinak-en KD bat grabatzen ari gara 0-5 adin tarterako. Ahozkotasuna, hizkuntza eta gorputzaren arteko harremana, poemak, abestiak, ipuin laburrak…

Hegoak eta Etxegiroan-eko lagunekin ari gara. Elorrion daukate estudioa eta benetan lan bikaina egiten ari dira. Bisitatu euren webgunea. Esandakoak esan eta gero beharbada isildu beharko nuke, baina ipuinak kontatzeko nekatuegi gaudenerako hainbat ipuinen audioak daude, bikain lokutatuak, musikarekin… Merezi du.

Egingo dizkiguzu irakurketa proposamen batzuk?

Jakina! Bihar galdetuko bazenit, beharbada beste batzuk esango nizkizuke baina gaurkoak, hor doaz:

2 urtetik aurrera

Antxume bizardunak/ Olalla González Paz; irudiak, Federico Fernández; itzultzailea, Manu López Gaseni. Pamiela-Kalandraka, 2014. ISBN: 978-84-7681- 820-6
Ilargian Kulunkantari (bilduma osoa). Idazlea: Xabier Olaso Bengoa. Ilustratzailea: Óscar Villán. Argitaletxea: Pamiela-Kalandraka, 2014-2015.

•
 6 urtetik aurrera


Jonasen ipuinak. Juan Kruz Igerabide eta Mikel Valverde. Aizkorri, 2010. ISBN 9788482635811.

Xomorropoemak eta beste piztia batzuk/ Leire Bilbao Barruetabeña; irudiak, Maite Mutuberria Larrayoz. Pamiela, 2016. ISBN: 978-84-7681-963-0

• 
8 urtetik aurrera

• Saba eta Landare magikoa. Idazlea: Yan Degruel. Itzultzailea: Ibon Plazaola Okariz.
Ilustratzailea: Yan Degruel. Argitaletxea: Ttarttalo, 2013.

• Auskalo! Idazlea: Xabier Olaso Bengoa. Ilustratzailea: Agurtzane Villate Ruiz de Gordejuela. Argitaletxea: Pamiela, 2001.


10 urtetik aurrera


• Oz-eko Azti harrigarria. Idazlea: L. Frank Baum. Itzultzailea: Juan Cruz Igerabide. Argitaletxea: Denonartean, 2015.
Matilda. Idazlea: Roald Dahl. Itzultzailea: Agurtzane Ortiz de Landaluze. Ilustratzailea: Quentin Blake. Argitaletxea: Zubia, 1999.




12 tik aurrera

Pikondoaren balada. Idazlea: Leire Bilbao Barruetabeña. Itzultzailea: Maite Mutuberria. Argitaletxea: Elkar, 2017

• 
14 urtetik aurrera


• Tigre batekin bizi. Harkaitz Cano eta Maite Gurrutxaga. Elkar, 2017. ISBN: 9788490277423. [48] or.

• 
16 urtetik aurrera


• Zimurrak. Paco Roca. Itzultzailea: Bego Montorio. Astiberri, 2014. ISBN 9788415685708. [104]
or.