Gotzone Duñabeitia Kintana (Kurutziagako Zuzendari Pedagogikoa)
Aurreko astean Ateak Zabalik jardunaldia izan genuen ikastolan. Urtero errepikatzen dugun esperientzia, baina aldi berean era desberdin baten etorkizunera begira jartzen gaituena. Esperientzia polita da benetan, norbere etxeko ateak zabaldu eta garen hori hurbiltasun eta konfiantzazko giroan familia berriei azaltzea.
Aurrez aurreko hartu eman honetan, haurrak besoetan harturik, interesa, ilusioa eta ardura dira gurasoen begiradan islatzen diren emozioak. Tartean, loalditxoa zein edoskitze momentua, baina bisitak aurrera darrai, haurtzaroan girotuta hitzek ere esanahi borobilagoa lortzen baitute.
Bizitzeko hazi, bizitzeko hezi… Ikastola eta hezkuntza gaiak ardatz hartuta Kurutziaga Ikastolak izateko eta egiteko duen eraz jardun genuen luze. Aurrez aurreko bileretan beti izaten dira galderak, izan funtzionamenduari buruzkoak, ordutegiak, harrera… zein etorkizun hurbilekoak. Gogoz azaldu genuen Ikastolak aspaldi hasitako eraldaketaren bidea. Egindako eraikinak, obrak eta espazioen hobekuntzak atzetik dakarren lan eta hausnarketa prozesua. Ez da estetika eta hobekuntza fisiko soil bat, ezta zaharkituta dagoena konpondu eta berritzea bakarrik ere, harago doa. Eraldaketak hezkuntza proiektuaren garapen bateratuari erantzuten dio, etapa guztietan hari mutur asko dituen aldaketa prozesu sakona da gurea. Oinarri metodologikoak, curriculum eta baliabide materialak, antolaketa eta zerbitzuak…
Txikiei begirako espazioak umeak berezko duen jakinmina, esplorazio eta ikerkuntzarako beharrari erantzun gura dio. Haurren ongizatea bermatuz garapen testuinguru erakargarria eskaintzea da gure erronka. Hezkuntza eremua dugu gurea, baina baita kalitatezko zaintza eskaintzen duena. Jolasaren bidez, haurra inguratzen duen mundua ezagutuz doa eta lasaitasunez eta gogotsu aritzeko oinarrizko beharrak ondo asetuak behar dute egon. Guretzat espazioak, hazkuntza eta hezkuntza funtzio bat betetzen du, hezitzaile bat gehiago da, autonomia, jakinmina eta jolaserako gogoa etengabe sustatzen duena.
Espazio osoan zehar barreiatuta ditugun txoko, material anitz zein argiz betetako tramankulu eta esplorazio kutxa erraldoiak gure haurren unibertso txiki horretako parte dira. Zentzumenen bidez eta imitazioz behin eta berriz erabili eta irudimena aktibatzen dituztenak.
Ateak Zabalik saioan polito aurkeztu genuen ikastola, baina baita horrek guztiak egunerokotasunean hartzen duen itxura erreala erakutsi ere. Egindakoa eta egiteko dagoena, berrikuntzak eta asmoak, eta atzean dagoen urteetako lanketa, formazio, helburu eta hezkuntza-xede argia duen eraldaketa da gurea. Pausoz pauso eraikia, baina oinarri sendoak dituena.