Mari Luz Guenaga: “Zergatik ez dugu gurasoon artean adosten noiz emango dizkiegun mugikorrak gure gaztetxoei?”

Deustuko unibertsitateko ingeniaritza fakultateko irakaslea da Mari Luz Guenaga ikastolako gurasoa. Bere jardunaren barruan hezkuntza eta teknologia aztertzen dituen ikerketa talde bateko arduraduna ere bada. Ikerketa talde horren aztergai zuzena ez bada ere, gaztetxoak eta gailu mugikorrak eta hauen erabileraz hausnartu du eta bere gogoetak hainbat ikastetxetan partekatu izan ditu.

Guraso askok dugu mugikorraren erabileraren gaineko kezka. Noiz eman gure seme-alabei, zer erabilera eman… Horri buruz baduzu zure iritzia.

Bai. Hasteko, horri dagokionez, bi gauza argitu gurako nituzke. Mugikorrei buruz ari garenean smartphoneei buruz ari gara, hau da, interneterako sarbidea duten gailuez. Eta bigarrena, gaztetxo guztiek izango dute lehenago edo beranduago mugikorra, eta abantaila eta erraztasun asko eskaintzen dituen gailua da. Ni teknologiaren erabileraren aldekoa naiz. Kontua da noiz eskuratzen duten eta zelan erabiltzen uzten diegun.

Zuzenean egingo dizut galdera orduan: noiz eman behar diegu mugikorra gure seme-alabei?

Beste hainbat alorretan bezala ez dago guztientzako balio duen adin jakinik. Noiz utziko diot Bilbora autobusean bakarrik joaten? Zer ordutan esango diot etxera etortzeko? Beti ere gaztetxoaren heldutasun mailaren eta gurasoen eta haren artean dagoen konfidantzaren araberakoa izango da. Edozelan ere, esango nuke, behar, hamasei urtera arte behintzat, ez dutela behar.

” Esango nuke, behar, hamasei urtera arte behintzat, ez dutela behar (mugikorra)”.

Orduan zergatik ematen dizkiegu askoz lehenago?

Bitxia da baina hitzaldiok ematen ditudanean, ehuneko handi batean gurasoen erantzuna izaten da: “Besteek ere badaukatelako”, “Ez daitezen azkenak izan”… Bada, guztiok argi badugu premiarik ez dagoela, iritsi gaitezen adostasun batera gurasoen artean eta presio hori desagertuko da.

Adibide bat jarriko dizut: iaz Zarauzko ikastolan izan nintzen hitzaldia ematen eta kezka hori konpartitua zenez LH5eko gurasoek erabaki zuten mugikorrik ez ematea euren seme-alabei. Asmoa hamasei urtera arte mantentzea da, baina urtero-urtero egingo dute hausnarketa. Hori izan daiteke bide bat. Azken finean, gauza asko irakatsi behar zaizkie gaztetxoei kalera mugikor batekin irten aurretik.

Zer irakatsi behar diegu?

Gaur irakurri dut ume askok zortzi urterekin duela pornografiarekin lehenego kontaktua. Zortzi eta hamalau urte bitarteko gaztetxoen ehuneko berrogeita hamarrak ikusi omen du pronografia, eta kasu askotan hori da sexualitateaz jasotzen duten lehenengo informazioa. Online apustuak ere hor daude, Fake news-ak… Guzti horri buruz berba egin behar da beraiekin. Telebista beraiekin ikusten dugun bezala, bada, gauza bera. Izpiritu kritikoa izan dezatela, jakin dezatela gauzak bereizten. Lanketa hori egin egin behar da, bai etxean, eta baita ikastolan ere.

Sare sozialak ere hor daude. Zer diozu horien erabileraz?

Bata da zer eduki jasotzen duten, eta bestea, sare sozialak eta hauekiko harremana. Gaztetxoen artean erabiliena Instagram da eta honi dagokionez ere, badaude bi gako gutxienez: zer eduki partekatzen duten eta norekin partekatzen duten, “Like-en” dependentzia eta horrek sortutrako frustrazioa… Eta bestea, zelan harremantzen diren sareotan beraien artean: zelako hizkuntza erabiltzen duten euren artean, jendea taldetik bota edo sartu, esklusioak… Sarritan, guraso legez, gurago dugu pentsatu gure semea edo alaba ez dabilela horretan, badakizu, errudunak beti dira “besteak”. Baina ez dezagun ahaztu geurea izan daitekeela alde batean zein bestean dagoena. Alegia, bera izatea taldetik bota dutena edo beste inor bota duena, adibidez.

“(gaztetxoentzat) eredu gara. Ezin diegu beraiei eskatu geuk beteko ez dugunik”

Eta zein da gurasoon rola guzti honetan?

Batetik eredu gara. Ezin diegu beraiei eskatu geuk beteko ez dugunik. Jakina, gure erabilera arauak eta beraienak ez dira berak izango, baina geure buruari ere jarri behar dizkiogu arauak, eta bete. Beste alde batetik, dagoeneko mugikorra daukan gaztetxoari kentzeko prest ez bagaude, bada, tarte handia dago kentzetik kontrolik barik erabilki dezan uztera.

Eta azkenik, badago hainbat guraso esaten duena ez direla natibo digitalak, eurek ez dakitela horretaz… Barkatuko didate baina ez baldin badakite komeni da horretara jartzea. Nik proposatuko nuke guraso talde bat sortzea halako gaietaz hitz egiteko, hausnartzeko informazioa trukatzeko…

Zu zeu prest egongo zinateke blog honetan maiztasun batekin gaiari buruz idazteko?

Nire aldetik bai. Prest nago nire kezkak eta informazioa konpartitzeko baina ondo legoke beste batzuek ere euren gaiak proposatzea edo galderak egitea. Ahal dudan neurrian saiatuko naiz nire ikuspegia ematen.

Estimatua dago, benetan, Mari Luz. Eskerrik asko.

Galderak edo proposamenak bidaltzeko: komunikazioa@kurutziagaikastola.eus