Irati Bilbao, Kurutziagako musika irakasleak, “Begin” diskoa argitaratu du

Irati Bilbao Durangarra Kurutziagako irakaslea da irailaz geroztik, Musika irakaslea hain zuzen ere. Abeslaria ere bada, baina. Arte Historia ikasketak egin ostean Musikenen goi mailako interpretazio ikasketak egin zituen eta hainbat proiektutan parte hartzeaz batera, bere proiektu propioaren lehenengo emaitza biltzen duen “Begin” diskoa argitaratu berri du.

Arte Historia ikasketak egin, gero Musikenera… Eta azkenean irakasle!

Bai, nork esan behar zidan niri!… Egia esan, aspalditxotik nire ibilbide profesionala kantatzeari lotuta egon da eta, aldez edo moldez, hortik atera dut bizimodua. Pandemiaren kontu honekin dena hankaz gora jarri da eta irakasletzan proba egiteko aukera izan dut eta hementxe nabil.

Eta, zelan zabiltza?

Ondo. Egokitzen oraindik. DBH1, DBH2 eta DBH3n ematen ditut musika klaseak eta, neurri batean, niretzako erronka pertsonal bat ere bada. Esan gura dut, irudipena dudala Musika, Plastika eta halako diziplinak, sarritan, ez direla hezkuntzan oso baloratuak izaten, eta ezagutza emateaz gainera, hori ere azpimarratu gurako nuke.

“Gaztetxoek jakin behar dute gaur entzuten duten musika, demagun reggetoia bera, ez dela hutsetik sortu”

Zer esan gura duzu?

Ba, batetik, uste dut gaztetxoek jakin behar dutela gaur entzuten duten musika, demagun reggetoia bera, ez dela hutsetik sortu, badituela erro batzuk, eta mailaren programaren arabera, hori ere azaltzen saiatzen naiz.

Beste alde batetik esaten diet musika ogibide bat ere badela. Eszenatokiko musikariaz izan dezakegun irudiaz harago, adibidez, euren bideojokoetan entzuten duten musika ere norbaitek konposatzen duela, grabatzen duela… Ni musikariz inguratuta bizi naiz eta hori guztiori ikusten dut.

Musikariz inguratuta grabatu duzu zure proiketu propioari lotuta lehenengo diskoa: Begin. Egiguzu berba diskoaz.

Berez, diskoa orain urtebete grabatu nuen Musikenen ikaskide nituen muskari lagun batzuekin. Asmoa zen udaberrian aurkeztu eta udan izan ohi diren jazz festibal ugarietan zuzenean erakustea. Baina…

“Egindako lana hor dago eta hori ez da galtzen. Ea datorren udaberri-udan berpiztu dezakedan proiektua”

Pandemia etorri zen eta…

Bai horixe! Musikeneko ikasketa amaierako kontzertua ere bertan behera geratu zen! Pena handia dut ze, itzelezko gogoa nuen musikari apartak izateaz gainera lagun ere baditudan horiekin zuzenean aritzeko. Baina ikasturtea elkarri agur esan barik amaitu behar izan genuen, eta orain gitarrista Eskozian dago, beste bat Alicanten, bestea Huescan… Bateria da Araiakoa (Araba) bestela denak hor zehar… Oraintxe ari naiz proiektua berbideratu guran. Egindako lana hor dago eta hori ez da galtzen. Ea datorren udaberri-udan berpiztu dezakedan proiektua.

Behin hona helduta, promozioa ere egin beharko da, ba! Non aurkitu dezkaegu “Begin” diskoa?

Durangon Arteka liburudendan eta Makillau Saltsanen badago. Baina Errebal-Jazz zigiluarekin argitaratu dut beraz banaketa orokorra ere izango du. Bestela Spotify-n badago eta youtuben ere bai. A! Eta orain gutxi neure webgunea ere egin dut, iratibilbao.com. Han aurkituk duzue informazio gehiago.