Ikasturtearen eta azken lau urteetako balorazioa, Hektor Orbe presidentearen berbetan

Ikasturte bat doan bidetik etortzen da beste bat, baina aurtengoa joan da, eta berriaren zain geratuko garen bitartean (atsedena ere behar dugu), Hektor Orbe presidenteak ikasturteko hausnarketa bat eskaini digu. Orbe lau urtez aritu da presidente lanetan, eta aurtengoa izan du azken ikasturtea. Kurutziaga Ikastolako kideen partetik eskerrik beroenak eman gura dizkiogu urteotan egindako lanagatik. Orbek berak ere egin digu urte horien balorazioa.

Ikasturte bat gehiago igaro da, zeinetan erronka berriak izan ditugun. Zelako balorazioa egiten duzu?

Balorazio positiboa egiten dut. Artezkaritza Kontseiluan talde sendoa izatea lortu dugu eta ikasturte hasieran adostutako Kudeaketa Planari heldu diogu. Besteak beste, matrikulazio dekretuari egokitzen saiatu gara, ‘Bihar’ prozesua komunitate guztira zabaldu dugu denon parte hartzea bultzatuz eta askotan ikusten ez den lan isila egin dugu Kurutziagaren egunerokotasunean sortzen diren erronkak gaindituz. 

Urte honetan zerbait izan badugu hizpide, Hezkuntza Lege Berria izan da. Zelan aritu da Artezkaritza gaia jorratzen ikasturte hauetan? 

Lehen pausoa informazio fidagarria lortzeko ahaleginak egitea izan da, bai komunikabide zein Hezkuntza sailak ez baitute egoki informatu lege berria eta bere aplikazioari buruz. Informazioa izan dugun heinean, komunitatea informatu eta bere iritzia jaso dugu , legearen aurrean gure jarrera hartze propioa izateko.

Behin horrela, gure posizioa Euskal Herriko Ikastolen Elkartera helarazi dugu eta bertatik, gu ere parte aktiboa izanik, gure izaera propio eta hezkuntza ereduaren defentsa egiten ari gara. 

Etorkizunera begira, zer erronka berri geratzen zaizkio Kurutziaga Ikastolari?

Erronkak ugariak dira, Hezkuntza Lege barria, matrikulazioaren beherakada, ikastolaren hezkuntza proiektuari erantzuna emango dion espazio berriak eraikitzea, eta komunitatearen parte hartzea gehiago sustatzea besteak beste. Horiek izan beharko lirateke hurrengo urteetako lerro nagusiak.

Ikasturteari ez ezik, lau urteko ibilbide bati amaiera emateko garaia ere heldu zaizu. Zelan sentitu zara lau urteotan?

Ardura guztietan legez, egun onak eta txarragoak izan ditugu lan taldean, baina balantze oso positiboa egiten dut urte hauena. Pertsonalki esperientzia oso aberasgarria izan da, momentu oro babestua sentitu izan naiz. Gurasoei, ikastolako lan talde desberdinetan parte hartzeko gonbitea egiten diet.

Zer izan du gozotik ibilbideak? Eta zer gazitik?

Gazi-gozoak egun berean izan ditugu sarritan, lan taldean gai asko jorratzen baititugu, baina orokorrean sasoirik gogorrena pandemia bera izan zen, egoera pertsonala, profesionala eta ikastolaren beharrizanak egun batetik bestera aldatu baitziren eta ikastola etxeetara eramatea benetako erronka izan zen guretzat.

Une gozoei dagokionez, behin pandemia pasatuta ospatutako jaialdiagaz geratzen naiz, nahiz eta izerdi patsetan pasatu uste dut denontzat liberazioa izan zela.

Zer aldatu da duela lau urteko Hektor Orbetik gaur egungora? Zer gomendio emango zenizkioke presidente berriari?

Ikastolari buruzko ikuspegi orokor bat izatea lortu dudala uste dut, eta horrek asko aberastu nau. Bestalde, ikastolaren etorkizuna baikortasunaz ikusteko lagundu dit, bertako komunitatea oso sendo eta parte hartzeko gogoz ikusi dudalako.

Presidente berriari eta bere lan taldeari eskatzen diet lan, lan eta lan egin dezaten denon mesedetan eta besteok egin bezala, bere harritxoa jarri dezala ikastola hobetze aldera. Eta badakit horrela izango dela.

Gora Kuru!