“Ikastolak eman didana itzultzen saiatu naiz proiektu honetan”

Kurutziagak hilabeteak daramatza bere iruditegia berritzen. Komunikazio arloko erronka berriei erantzutea helburu duen egitasmoan Sorland Komunikazio Agentzia dugu bidelagun. Peru Arrasate da proiektuaren koordinatzailea. Ikastolako ikasle ohia izanda, barru-barrutik ezagutzen ditu Kurutziagaren izaera eta balioak. Dagoeneko jarrita dago iruditegi berria estreinatzeko data: martxoaren 6a.

Zein prozesu jarraitu duzue iruditegi berria lantzeko?
Logoa marka identifikatzeko egitura grafikoa da. Logo horrek iruditeria oso bat izango du euskarrietara egokitzeko. Baina marka bat hori baino askoz gehiago da, eta sorkuntza-eraikuntzak lan sakona eskatzen du. Hasteko, Kurutziaga Ikastolaren testuingurua kokatu dugu. Ondoren, azterketa egin behar izan dugu, barne eta kanpora begira talde elkarrizketak eginez. Elkarrizketa hauetatik atera ditugu Kurutziagak dituen indargune-ahulguneak eta aukera-mehatxuak. Komunikaziorako lan eremua zehaztuta, estrategia pentsatu dugu. Diskurtsoa, lehen eta bigarren mailako ideiak, balio eskaintza… hau guztia logo eta irudigintza berriarekin gorpuztu da.

Zein izan da aldaketa honen oinarrian izandako diskurtsoa? Irudi berriak zer transmititzea du helburu?
Kurutziaga Ikastola herritik sortu zen, euskarazko hezkuntza eskainiz, ikasleak biharko mundurako hezteko. Ikasle bakoitzak bidean bere nortasuna aurkitzen laguntzeko. Eta herri gisa gure nortasunari eusteko ere bai. Pertsonaren eta kolektiboaren etorkizuna sustatu nahi duen oreka bat landu nahi izan du ikastolak sorreratik. Eta horretarako bira-biraka ari diren lau biribil dauzka. Lau buru, bata bestea martxan jartzen dutenak, eta modu organiko batean puzzle bizi bat sortu: ikasleak, gurasoak, irakasleak eta herria dira abian jartzeko behar diren lau gurpilak. Edo orbita berean dabiltzan planetak. Irudi jokoa indartzeko etorkizunera begira dagoen leihoa ere ireki diogu.

Ikastolako ikasle ohia zara. Proiektu berezia izan da zuretzat?
Ikastolan hazi nintzen, hemen indartu nuen nire ama hizkuntza, nire izaera. Ikastolak irakatsi zidan lagunak egiten eta irakasleen errietak entzuten… Oporretako bizipenak paperean margotzen nituen ilusio beragaz parte hartu dut proiektu honetan. Txikitako oroitzapenak ekarri ditut gogora, Sorlanden lan egiten duten beste ikasle oihekin batera. Lan prozesuan irakasle izan nituen profesionalekin lan egiteko aukera izan dut. Ikastolak eman didana itzultzen saiatu naiz proiektu honetan. Ez nituzke ahaztu nahi bide honetan lagundu didaten lankideak. Batzuek ez zuten Kurutziagan ikasi eta horrek lagundu du lana borobiltzen. Maite Elias izan da marka irudia sortu duena, eta Sara Matsutani estrategia digital guztia egituratu duena. Eskerrik asko, biei!

Martxoaren 6an iruditegi berria martxan jarrita, euskarri askotan egin beharko da aldaketa hori. Zein zailtasun ditu horrek?
Martxoaren 6an irudi berria ezagutuko dugu, baina etxe handi honetako zirrikitu guztietara heltzeko
denbora gehiago beharko da. Pazientziaz eta ilusioz egin beharreko lana da. Argi utzi nahi dut logo aldaketa Kurutziaga Ikastolak diskurtsiboki egindako aldaketaren lanetako bat gehiago dela. Osotasun baten parte. Politena eta ilusio handiena sortzen duena, agian. Hala ere, kokunikazioak irudia aldatzea baino erronka handiagoak ditu atzean. Euskararen atzerakada gelditzea, arazo demografikoari aurre egitea, herrigintza eta kooperatibismoa bultzatzea, herriari zabalik egotea… Eta hau guzti hau ikasleak etorkizunerako mundurako prestatzeko proiektu pedagogikoa egunero zaintzen den bitartean. Hau da oinarrian defendatu behar duguna.