Hektor Orbek hartuko du Alex Ortuzarren lekukoa Kurutziaga Ikastolako presidente karguan Artezkaritza Batzordeak halaxe izendatuta. Igorreztarra sortzez, hamabost urte daroatza Durangon eta hiru seme-alabaren aita da. Ilusioz eta begirada etorkizunean jarrita heldu dio karguari.
Arratiarra Kurutziaga Ikastolako presidente!
Zeinek esango zidan niri, ezta?… Ni Igorreko eskola publikoan hezitakoa naiz. Emaztea durangarra da baina hura ere ez da Kurutziagan hazitakoa. Haurrak jaio eta non eskolaratu begira hasi ginenean argi genuen euskaraz biziko ziren ikastetxe bat gura genuela. Kurutziagaren hautua egin genuen, eta egia esan, hasiera-hasieratik oso gustura sentitu gara. Denborarekin proiektu pedagogikoa eta ikastolen proiektua ezagutu dugu eta erraz egin dugu gure lekua berton.
Guraso izatea gauza bat da eta bestea Ikastolaren jardunean guraso legez inplikatzea.
Bikotekideak eta biok hasieratik izan dugu argi inplikatu behar genuela. Bere lan-karga profesionalagatik neu naiz zuzenan sartu dena, baina inplikazioa familiarena da. Azken finean gure seme-alaben bizi proiektuan parte hartzea da, eta baita erakartzen gaituen hezkuntza proiektu batean ere.
Iaz sartu zinen Artezkaritza Batzordean.
Gure lagunartean bazeuden Artezkaritzako kideak eta geure artean ohikoa zen gai horiei buruz berba egitea eta iritzia ematea. Batek handik eta besteak hemendik bultza, ia oharkabean barruan amaitzen duzu. Umeak ere hazitxoago ditugu eta oraintxe zen momentua. Gainera, esan beharra daukat lan-talde serioa eta giro aparta topatu ditudala Artezkaritza Batzordean. Horregatik onartu dut ardura hau hartzea.
“Harrotasunez eta ezelako konplexu barik gure izaera propioa defendatu eta ezagutzera eman behar dugu herriaren aurrean, eta horretarako komunikazio indartsu bat behar dugu”
Pandemiaren urtean hartuko duzu presidente izateko ardura. A zer urtea!
Bai, baina pandemia ez da ikastolari soilik dagokion kontu bat. Azken batean guk dukagun kezka gizarteak bizi duen kezka bera da. Ikasturte hasieran gure ardura zen ea jardun presentziala, mistoa ala telematikoa izango genuen. Badirudi gauzak seriotasunez egin ditugula guztiok eta aurtengo ikasturtea presentziala izango dela. Ezelan ere erlaxatu barik, baina esan dezakegu gure esku dauden neurriak hartu ditugula eta egoera edozein dela ere, prest gaudela. Horregatik, Artezkaritzatik irizten diogu pandemiari bere garrantzia ukatu gabe, aurrera begira jartzea dela gure betebeharra.
Aurrera begira diozunean, zeri buruz ari zara?
Plan Estrategikoari barriro heldu behar diogu. Moldatu egin behar da, eta ez bakarrik pandemiagatik. Gure herriko jaiotze kopurua beherantz doa eta ikastetxeok erronka demografiko horri zelan erantzun ondo pentsatu behar dugu. Uste dut harrotasunez eta ezelako konplexu barik gure izaera propioa defendatu eta ezagutzera eman behar dugula herriaren aurrean, eta horretarako komunikazio indartsu bat behar dugu.
“Gure izaeran eta proiektu pedagogikoaren oinarrian dauden balore horiekin eragin behar dugu herrian ere”
Zelan eman ezagutzera zuk aipatzen duzun “izaera propio” hori?
Badugu oinarri oso sendo bat: gure proiektu pedagogikoa. Horri bultzada komunikatibo indartsu bat eman eta ezagutarazi egin behar dugu. Alde horretatik badugu abantaila bat, talde handiago baten parte garela. Uste dut Euskal Herriko Ikastolen elkarteak ere eman ahal dizkigula tresna batzuk eta guk tresna horiek geurera moldatu gure proiektua hobeto ezagutarazteko.
Bestalde, aktiboagoak izan beharko genuke herri mailan. Gure izaeran eta proiektu pedagogikoaren oinarrian dauden balore horiekin eragin behar dugu herrian ere: euskara, kudeaketa eta hezkuntza kalitatea, berdintasuna, jasangarritasuna… Egiten duguna lau haizetara zabaldu, azken finean.
Galtza bete asmo eta gogotsu zatozela bistan da. Gehitu gurako zenuke beste mezuren bat?
Bai. Artezkaritza Batzordeko kideei emandako konfidantza eskertu gura nieke eta, beste alde batetik, ikastolako guraso guztiak animatu proiektu honen parte aktibo izan daitezen. Izango dugu elkar ezagutzen joateko aukera.