Gotzone Duñabeitia eta Urko Rodriguez: “Familiekin aurrez-aurre egonda bukatu nahi dugu ikasturtea”

Ikasturte amaierak mugituak izan ohi dira beti edozein ikastetxetan. Aurtengoan , ohiko kargaz gainera, koronabirusak eragindako aldaketa guztiak kudeatu behar dira eta Kurutziagan ere nabari da joandako hilabeteen zama. Gotzone Duñabeitiarekin (Zuzendari Pedagogikoa) eta Urko Rodriguezekin (Zuzendari Gerentearekin) izan gara berbaz.

Izango dugu denboran atzera eta aurrera egiteko tartea geroago, baina, hasteko, zein da momentuko egoera Kurutziagan?

Momentu honetan gure helburua ikasturte amaiera ondo egitea da. Azken hiruhilekoarekin ari gara buru-belarri. Ikasleekin egin beharreko lan zuzena amaitzear dago, baina ikasturte amaiera batek eskatzen dituen zereginekin gabiltza: elkarrizketak, ebaluazioak, plangintzak… Hezkuntza Legeak baditu betebehar batzuk eta horiei erantzun eta familiekin banaka egonda (ahal bada aurrez-aurre) amaiera txukun bat eman nahi diogu ikasturteari.

Goazen atzera orain. Datorren astean hiru hilabete beteko dira ikasleen etxeratzea ezarri zenetik. Zelan eroan duzue denbora hau guzti hau zuen arduretatik?

Aurreko elkarrizketetan esandakoak esanda, oso zaila da beste hitz batzuk erabiltzea orain. Prozesua oso aldakorra eta nahasia izan dela onartu behar dugu. Egunik egun kudeatu behar izan dugu informazioa, erabaki berriak hartu… Horri gehitu behar zaio ikastolaren dimentsioa handia (ikasle eta langile kopurua). Hortaz, gure zeregina, dagokigun arduratik, ikastola modu orekatu batean gidatzea izan da.

” Egoeraren berezitasuna eta aniztasuna errespetatuz jokatu dugu. Irakasleen premia eta erabakietan oinarrituta”

“Modu orekatua” aipatu duzue. Zer esan gura duzue horrekin?

Salbuespen egoera honetan ere, bere zailtasun guztiekin, gure Hezkuntza Proiektua era bateratu baten aurrera ateratzen aritu garela. Egoeraren berezitasuna eta aniztasuna errespetatuz jokatu dugu. Irakasleen premia eta erabakietan oinarrituta, talde moduan jokatuz, eta gure egiteko erak errespetatuz. Hau da, erabakiak lan-taldeetan hartuz eta bakoitzak bere mailako irakurketa eginez, izan dituen baliabideekin lana aurrera atera ahal izateko.

Gure jarrera beti izan da hobetzen saiatzea. Horretan oinarritu gara. Kontua ez da bakarrik asmatu dugun ala ez, edo hartutako erabakiak gustukoak izan diren ala ez… Mailaz-mailako eskaintzak irizpide pedagogiko batzuk izan ditu oinarrian, umeen adinera, beharrizanetara eta horien gaineko legeetarara egokitutakoak. Eta bide hori egin dugu dauzkagun material didaktikoak eskaintzen dizkiguten lanerako tresnak erabiliz.

Irakasleak eta ikasleak aipatu ditugu. Egoera honetan, bereziki, familiako kideek ere pisu handia hartu dute.

Irakasleok gogoan izan dugu uneoro familiek egindako ahalegina eta egoera honetan egokitu zaien paper zaila. Aldagai hori beti egon da presente ikastolatik etxera bidaratutako lanetan. Familien kontziliazioa kontuan hartu da, baita oinarrizko aprendizaiak eta arlo emozionala zaintzerako orduan ere.

Ikasturte hau badoa baina ukaezina da askoren buruan dagoen galdera: “Irailean zer?”

Irailean zer izango dugun arreikustea oso zaila da. Argi duguna da, ezinbestean, abiapuntua Osasun eta Hezkuntza Saileko jarraibideek ezarriko dutela, orain gertatu den bezala. Bestetik, Hezkuntza Sailetik legez ipintzen dizkiguten markoen barruan jokatu beharko dugu. “Zer” hori ezarrita dator. “Zelan egin”, horri heldu behar diogu adarretatik.

” Ikusitakoak ikusita, presentzialki/ez-presentzialki oreka horri erantzuten dion arkitektura pedagogikoa eraiki behar dugu balizko etxeratze bati ondo erantzuteko”

Gaurko berria da irailean ikasturtea normal hastea aurreikusten duela Jaurlaritzak.

Aurreikuspenak horixe dira, aurreikuspenak. Guri dagokigunez, eta ikusitakoak ikusita, presentzialki/ez-presentzialki oreka horri erantzuten dion arkitektura pedagogikoa eraiki behar dugu balizko etxeratze bati ondo erantzuteko. Hor dago erronka.

Ikastola egoera normalean abian jartzeko prest gaude, baina elementu berri hori gehitu beharko diogu. Ikastolari dimentsio berri bat erantsi beharko diogu orain (antolaketa, zerbitzuak, hezkuntza erantzuna… ). Ditugun baliabideak eta antolaketa, orain arteko jardun ez-presentzialak erakutsitakoa kontuan hartuz antolatu beharko dugu.

“Etorkizuneko lan-lerroa: egoera berdina errepikatu balitz, jarraikortasuna zelan bermatu eta egoera horren eragina ahalik eta txikiena izatea komunitatearentzat”

Zeri buruz ari zarete “arkitektura pedagogikoa” diozuenean?

Hala suertatzen bada jardun ez-presentzialari erantzuteko baliabideei eta antolaketari buruz. Plataforma digitalak eraiki beharko dira; tutoretza ez-presentzialak zelan egingo ditugun hausnartu… Azken finean, guk badugu gure Hezkuntza Proiektua baina kanala aldatu egiten da. Zelan bermatu genezake gure oinarizko proiektua hezkuntza egoera berri batean? Zein baliabiderekin?…

Etorkizuneko lan-lerroa honakoa litzateke: hurrengo ikasturtean, egoera berdina errepikatu balitz, jarraikortasuna zelan bermatu eta egoera horren eragina ahalik eta txikiena izatea komunitatearentzat (ikasle, irakasle eta familiak).

Denboran atzera eta aurrera egin dugu elkarrizketa honetan. Amaitzeko, ondo legoke berriz ere hemen eta orain amaitzea.

Hemen eta orain ateratzen dugun ondorioa da krisi egoeretatik ere ikasi egiten dela. Lan-taldeak aurre egin dio egoerari eta ikasleen eta familien bultzadarekin gaude gauden lekuan. Bertan goxo geratu barik, onartu behar dugu eskarmentu honek erakutsi digula badugula zer hobetu eta zer indartu ikastetxe legez.