Gaur urtebete etxeratu gintuen Covid19ak (bizipenak)

Gaur betetzen da urtebete Covid19ak etxera bidali gintuenetik. Hamabi hilabete eta hamaika bizipen. Guk ikastolako sei laguni egin dizkiegu lau galdera.

  1. Zelan gogoratzen duzu etxera bidali gintuzten eguna
?
  2. Zelan eroan zenuen konfinamendua
?
  3. Zer da gaurko egoeratik gutxien gustatzen zaizuna?
  4. Zer egin nahi duzu guzti hau emaitzean?

ISABEL MACÍAS (gurasoa)

  1. Konfinamenduaren eguna beldurrez gogoratzen dut, zer gertatzen zen ondo ez nekiela, eta gertatu zitekeenarekiko kezka handiz.
  2. Etxealdia jarrera positiboarekin eroan nuen. Egoera zena zen, baina errutinen bitartez bai neuri, eta bai familiari normaltasuna emango zion martxa hartzen saiatu nintzen. Haurrak gaixotzeak kezkatzen ninduen, baita gainontzeko familiko kideak urrun izateak ere.
  3. Gutxien gustatzen zaidana gizarte mailako harremanekin lotutako galera hori da. Faltan hartzen dut eguneroko plazertxoetaz gozatu ezin izana, kalera musukorik barik irtetea, familakoekin eta lagunekin egotea…
  4. Hau guztiau amaitzen denean familiakoekin elkartuko naiz, lagunekin… Eta datorrena datorrela!

 

 

 

MALEN LANDA (LH5eko ikaslea)

  1. Egun arraro bat bezala gogoratzen dut.
  2. Hasieran ondo, bi aste zirela pentsatuz, baina bi asteak pasa eta gero ez hain ondo.
  3.  Hain zorrotz eta distante ibili behar izatea.
  4. Oporretara joan leku urrun batera.

 

 

 

 

IÑIGO UNDABARRENA (irakaslea)

  1. Ustekabean harrapatu ninduen, ez nuelako sinisten. Tristura galantagaz joan nintzen, oso arduratuta nire lanari erantzuteko gai izango ote nintzen pentsatuz.
  2. Baserri baten bizi naizenez, familia giroan oso ondo, baina ikastolako lanari, hau da, ikasleei ondo erantzuteko nire arazoak izan nituen, ez bainaiz oso trebea telelanerako. Ikasleenganako  hurbiltasuna faltan hartu nuen.
  3. Bururatzen zaigun edozein ekintza egiteko sortzen diren zalantzak eta betebeharrak, baina horrela izan behar denez, aurrera!
  4. Familia giroan kostaldean egonaldi bat egitea gustatuko litzaidake, eta bestetik, ikastolako gaur egungo nire ikasleekin pare bat eguneko irteera bat egitea, ahal bada inguru natural batetaz gozatzeko.

 

 

URKI BILBAO (gurasoa)

  1. Konfinamentua hasi ahal zela sumatzen genuen eta erosketa dexente egin genituen. Horrez gain umeekin jolasteko denborapasa eta eskulanetarako materiala erosi genuela gogoratzen dut.
  2. Konfinamenduaren hasiera indarrez eta gogoz hartu genuen. Egoera berri bat zetorren eta horri aurre egiteko prest geunden. Asko disfrutatu genuen familian.
  3. Ezjakintasun egoera, askatasun falta, txarto egin diren gauzak inork ez onartzea…
  4.  Amaitu, amaituko al da? Egoerarekin kokoteraino gaude, baina amaitzen denean, edo uzten digutenean, lagunartera goaz, deskonektatzera. Eta gero oporretara, eguzkia eta itsasoaren bila.

 

 

PAULE EREÑO (DBH3ko ikaslea)

  1. Etxera bidali gintuzten eguna arraroa izan zen. Baina aldi berean poza ere bai, pentsatuz aste bi igaro ondoren berriro ere egunerokotasunera bueltatuko ginela.
  2. Konfinamendua nahiko ondo eraman nuen. Hasieran oso arraroa izan zen, baina gero ohitu egin nintzen. Ikustean, bi aste baino gehiago iraungo zuela, beldur puntu bat ere eman zidan. Gogorra egin zitzaidan kanpora ezingo nitzela irten pentsatzea eta ez ginela denbora luze batez normalitatera bueltatuko.
  3. Gaur egungo egoerarik gogorrena, nire ustez, distantziak mantetzea eta besarkadak eman ezin izatea. Eta, adibidez, amama segurtasun neurriak eta distantziak mantenduz ikustea, eta nahi dugun lekuetara ezin joan ahal izatea.
  4. Guzti hau amaitzean, nire amama segurtasun neurririk gabe ikustea

 

 

GOIURI ITURRIZA (irakaslea)

  1. Erlojuaren kontrako lasterketa hasi genuen ostirala. Segituan ekin genion dena prestatzeari: jarraituko genuen ordutegia adostu, mintegika programazioak berrikusi,  etxetik jarraitzeko klase saioak prestatu…  Etapan etekin ederra atera genion egunari, eta astelehenean, lanari ekiteko prest etxeratu ginela daukat akorduan.
  2. Gogorra izan zen, oso gogorra. Amaigabeko egunak. Goizetik hasi eta iluntzera arte ordenagailuari, mugikorrari… lotuta: klaseak digitalki emateko prestatu,  azalpenak zehaztu, eginbeharrak agindu, dudak argitu, jarraipenak egin, zuzenketak, batzarrak… Baina eromenaren erdian, gogoan ditut baita ere, elkarri emandako babesa, ziurtasuna transmititzen zuten koordinazio orduak, animoak, aupadak… Eskerrak horri!
  3. Jarraitu beharreko arau guztiak: musukoa dela eta elkar ezin ikustea; klaseak ia garrasika ematea; hotz denean leihoak zabalik izatea; jolastorduan ikasleak mailaka banatzea; distantziak mantendu behar direla behin eta berriz gogoraraztea… Askatasuna galdu dugun sentsasioa izatea.
  4. Familiarekin, lagunekin elkartu eta lasai egon. Zenbat batu garen zenbatzen ibili gabe, pauso bat ematen duguneko errudun sentimendurik izan gabe. Eta Txistulari taldearekin, lehenbailehen, gure ekitaldiak berreskuratu.