Claudia Aperribai: “Jantokia ere bada hezkuntza gunea”

Claudia Aperribai Etxebarria (Durango 1989). Jantokiko koordinatzailea.

Nutrizioa eta dietetikan diplomatua, Kurutziaga Ikastolako ikasle ohia da jantokiko kordinatzaile berria. Berea da, Mikel Atutxa sukaldariarekin batera, hileroko menuak diseinatzeko ardura. Joan den ikasturteko martxoan hasi zen ikastolan lanean eta koordinatzaile lanaz gainera, jantokiko begirale lanak ere egiten ditu bazkalorduan.

“Argi ikusi dugu arauak eta funtzionamendua ikasgelan barneratzen badituzte askoz errazagoa dela gero jantokian ere betetzea”

Ikasturtearen hasierarekin batera ikasleak jantokira bisitak egin dituzte euren tutoreekin batera. Zein da bisita hauen helburua?

Joan den astean LHko ikasleak etorri ziren eta aste honetatik aurrera DBHkoak etorriko dira, bai. Helburua zein den? Bada, kontuan hartuta jantokia bera ere, zelanbait, hezkuntza gune bat dela, funtzionamenduari eta arauei buruzko azalpenak eman gura dizkiegu. Ikasgeletan garbitasunaz eta txukuntasunaz lotutako ardura batzuk hartu diztutenez, gura dugu jantokian ere beste hainbeste egitea. Argi ikusi dugu arauak eta funtzionamendua ikasgelan barneratzen badituzte askoz errazagoa dela gero jantokian ere betetzea. Bakoitzak berea batu eta ingurua txukun uzteaz ari gara, erraz betetzeko ardura, azken batean.

Elikagaiei dagokienez, izan da berrikuntzarik azken aldion?

Bai. Batzuk iazko ikasturtetik gehiago sartuta daude eta beharbada gurasoei ez dizkiegu behar bezala helarazi. Adibidez, lehen, hilean behin izaten genuen arrain freskoa eta orain birritan, Ondarrutik ekartzen dugu zuzenean. Bertako prduktuekin jarraituz, hilean behin (bakoitzean bat), Lumagorriren oilaskoa, Basatxarriren txerrikia edo Oldekoren txahalkia izaten dugu. Fruta lehen hiru egunetan izaten zen, eta orain lautan. Barazkiak, aspaldidanik, bertoko nekazariek ekartzen dizkigute.

“Azken finean elikadura ere heziketa eta ohitura kontu bat da”

Zeri erreparatzen diozue menuan berrikuntzak sartzerako orduan?

Hainbat gauza eduki behar dira kontuan. Lehenengoa, jakina, elikadura osasungarria eta lehengaiak, ahal den neurririk handienean, bertokoak izan daitezela. Gurasoen eskakizunak ere hor daude. Badago talde bat hainbat proposamen egiten dituena eta gure asmoa da erantzuna ematen joatea.

Beste alde batetik, Eusko Jaurlaritzak berak ere kontrolak pasatzen dizkigu eta haien aholkuak ere jasotzen ditugu. Eta, azkenik, ikasleen gustuak ere, zelan ez, kontuan hartzen ditugu. Menuaren paperak denari eusten dio baina platerak zer dioen ere begiratu behar da. Horregatik saiatzen gara estimazioa handiegia ez duten platerak bestelakoekin konbinatzen, azken finean elikadura bera ere heziketa eta ohitura kontu bat baita. Orain urte batzuk “Egun berdea” pentsaezina izango zen eta gaur egun hor dago, adibidez.

Egoera ideal bat imajinatzen hasiz gero, zer aldaketa egingo zenituzke?

Imajinatzen hasita… Bertako produktuek oraindik presentzia handiagoa izatea… Ikasleek sukaldeko prozesuak gertutik ezagutu ahal izatea eta ikastea… Eta jantokian espazio zabalagoa izatea ere ederra litzateke. Kontuan hartu irailean gaudela eta 770 menutik gora gaudela dagoeneko. Espazio zabalago batek jatordua momentu gozagarriagoa bihurtuko luke. Baina beno, imajinatzetik hasten da, ezta?…