Elkarrizketa hau otsailaren 23ko Berria egunkariko “Atzekoz-aurrera” ataletik hartu dugu interesgarri geratu dakizuelakoan. Enekoitz Telleria Sarriegi kazetariak eginikoa da elkarrizketa eta argazkia Gorka Rubiorena (Foku).
«Nerabeek ez dute sakelakorik behar»
Hezitzailea eta ama da Ros. Sakelakoaren erabilerari buruzko egitasmo bat jarri du abian, eta hitzaldiak ematen ditu horri buruz: «Nerabeek ez dute ulertzen sakelakoa, eta gurasoek ere ez zeinen tresna potentea den». Argibide bat eman du Miren Rosek (Eibar, Gipuzkoa, 1975) elkarrizketan kazetariaren sakelakoak jo duenean eta hura kezkaz izutu denean: «Gu ez gaude sakelakoen kontra. Garbi utzi nahi dut hori».
Zer egitasmo da hau, orduan?
2015ean enpresa mundua uztea erabaki nuen, eta orduan abiatu nuen proiektua: Bidelagun. Familiei laguntza emateko proiektu bat da, gai jakinei buruzko hitzaldiekin, tailerrekin eta guraso eskolekin. Hainbat gai lantzen ditugu, eta gai hau izarra da. 2019an, Zarauzko ikastolan jorratu genuen —han ikasten dute nire alabek—. Sentitu genuen gaiarekin beste zerbait egin beharra geneukala. Guraso eskola hartatik sortu zen Gure aukera, guk 16. Guraso gisa hartzen dut parte, baina profesional gisa ere bai orain.
Nerabea naiz: «16 urte sakelakoa lortzeko! Bai zera! Askotxo dira!».
Eta gidabaimena ateratzeko 18 izatea ere askotxo iruditzen zaizu?.
“Gurasoek indarra egitea da kontua. Bakoitzak bere etxean gerra hori izan beharrean, denon artean indar handiagoa izatea”
Gurasoa naiz: «Hori utopia bat da».
Eta jendeak barre egiten dio gure taldeari. Badakigu gaur egun hori oso zaila dela eta utopikoa izan daitekeela. Kontziente gara zein den errealitatea, baina horra joan nahi dugu, bide bat lantze aldera. Kontzientziazio saioak egiten ditugu, kafe tertuliak, bideoak… Gurasoek indarra egitea da kontua. Bakoitzak bere etxean gerra hori izan beharrean, denon artean indar handiagoa izatea. Funtsean dioguna hau da: ez dute sakelakorik behar adin horretan.
Baina errealitatea gordina da.
Errealitatea da helduok —eta are gutxiago nerabeek—, ez dakigula zeinen tresna potentea den sakelakoa.
Nerabea naiz: «Baina ezingo naiz lagunekin gelditu!».
Eta ikastetxean ez duzue elkar ikusten? Ez duzue elkarrekin hitz egiten? Ezin zarete bihar 17:00etan gelditu? Chromebook daukazu. Beste hainbat bide dituzu gelditzeko. Ez daukazu sakelakoaren beharrik.
Nerabea naiz: «Baina zuek une oro zaudete sakelakoarekin».
Arrazoi osoa daukazu. Eta konturatuko zinen gurasoak ere hausnarketa betean sartu garela. Egin dugu autokritika. Ordu jakin batetik aurrera itzali egiten dugu sakelakoa… Bakoitzak erabaki du neurriren bat hartzea horren inguruan. Egia da gurasooi ere kostatzen zaigula; beraz, pentsatu zuri, oraindik burmuina garatzen ari zaizunean.
Nerabea naiz: «Nire lagunik onenari jada erosi diote. Azkena geldituko naiz».
Gauza bat da zure lagunik onenak sakelakoa jada izatea, eta bestea zu azkena izatea. Zure lagunik onena bada, berdin izango da lagunik onena sakelakoarekin edo sakelakorik gabe. Azkena izateari buruz, berriz, horixe da hitz egin behar duguna: zenbat zareten, eta nola antolatu behar dugun.
Gurasoa naiz: «Baina nirea atzeratuta geldituko da!».
[Barrez] Atzeratuta beste guztiak geldituko dira. Badaude ikerketak esaten dutenak oraingo belaunaldiek gure garaikoek baino koefiziente intelektual txikiagoa dutela, eta sakelakoaren erabilerak badu zerikusia hor. Ez dizulako uzten pentsatzen, sormena garatzen…
Aitona-amona naiz: «Nolatan egiten diozue hori gure txikiari. Geuk erosiko diogu».
[Barrez] Inola ere ez. Beste mila modu daude zuen bilobekiko maitasuna adierazteko. Baina hori, ez.
“Ikerketa askok diote soinu horiek, like horiek, mezu horiek jasotzen ditugunean dopamina sortzen dela gure burmuinean. Kokainaren efektu berbera da”
Egin duzue lanketa bat. Ikerketak aztertu dituzue. Zer diote?
Ondorio asko daude. Lehenengoa: ez dute behar; hau ez da jostailu bat, tresna oso potentea da. Bigarrena: gurasoen erabakia da, eta askotan ahaztu egiten zaigu; gure esku dago. Hirugarrena: nerabeen burmuina berreraikitzen ari da; inpultsoen kontrola, planifikazioa… ari dira eraikitzen, eta hori guztia astintzen du justu sakelakoak. Haiek ez daude prestatuta inpultso horiek geldiarazteko. [Mezu bat iritsi da kazetariaren sakelakora; mahai gainean dago]. Soinu hori, adibidez. Guri ere kosta egiten zaigu kontrolatzea. Pentsa haiei. Ikerketa askok diote soinu horiek, like horiek, mezu horiek jasotzen ditugunean dopamina sortzen dela gure burmuinean. Kokainaren efektu berbera da. Harrapatzea da helburua.
Zer egin behar da, orduan?
Oso esperimentu interesgarria da asteburu bat sakelakorik gabe egitea, adibidez. Utzi erabat, eta ohartu zer sentitzen duzun, zer-nolako beharra duzun. Egin hausnarketa. Desintoxikatu. Egin planak seme-alabekin sakelakorik gabe. Mendi buelta bat, edo beste edozer gauza. Gozamena da. Nola aldatzen diren harremanak. Ez sinestekoa da.
Asteburu bat sakelakorik gabe? Baina hori da, hain zuzen, nerabeei jartzen zaien zigorra.
Horrek duelako efektu handiena nerabeengan. Nahiago dute beste edozer gauza galdu, sakelakoa kentzea baino. Erakuts diezaiegun nola erabili; egin dezagun pedagogia horrekin. Ez dute ulertzen tresna. Ez dute ulertzen mezuen ironia. Ez dira ohartzen egin duten minaz. Kuadrillan sartu, kuadrillatik bota… Horregatik diogu: ez dute behar.
Sakelakoari buruzko egia bat? Esklabu bihurtzen gaitu.
Gezur bat? Harremanak izateko tresna bat da.
Sare sozialei buruzko egia bat? Dopamina askatzen da like bakoitzeko.
Gezur bat? Ia dena da gezurrezkoa sare sozialetan.