Ana Lasa Esnaola, Durangon bizi den lazkaotarra ikastolako jantokiko langilea izan da urte mordoxka batez. Bihar hartuko du ondo merezitako erretiroa.
Noiz hasi zinen ikastolan beharrean?
1999an sartu nintzen. Hasieran ordu pare bateko lana zen, lau urteko umeak bazkalostean lotaratzen. Gero hiru urteko umeekin ere aritu nintzen eta, aldiberean, Mila (Salterain) eta Lourdes (Aranoa) sukaldariak hemen zeudela, sukaldean esku bat botatzeko fitxatu ninduten. Haiek jubilatu zirenean Mikel (Atutxa) etorri zen eta Pilirekin (Bereziartua) ere aritu nintzen… Harreman ona eduki dut beti lankideekin, bai lehengoekin eta bai oraingoekin.
Hiru eta lau urtekoak lotaratzen hasi bazinen, euretako asko ikastolatik kanpo egongo dira honez gero?
Bai horixe. Ikastolatik kanpo eta bat edo beste irakasle moduan ere bai!… Jantokiko arduraduna Claudia (Aperribai) bera, adibidez. Esaten diot orain, txantxetan, zelakoa zen bera orduan… Egia esan, ondo konpondu izan naiz umeekin. Ezin ditut guztiak gogoan hartu baina oraindik ere tarteka agurtzen naute kalean. Jateko komeriak izandakoek ere itzelezko agurra egiten didate batzutan!
“9:50etan geldialdia egiten dugu gosaltzeko. Nik esaten dudan moduan, hori da gure “Zen momentua”, sakratua”
Zein izan da orain arteko zure lan-errutina ikastolan?
Sukaldariak, Mikel eta Raul, 6:45etan sartzen dira. Ni 7:40etan lanean nago. 9:50etan geldialdia egiten dugu gosaltzeko. Nik esaten dudan moduan, hori da gure “Zen momentua”, sakratua. Ostetik, berriz ere martxan eta 13:00etatik 14:00etara janaria zerbitzen egoten naiz. Gero dena txukun utzi eta kitto egunekoak.
Zu hasi zinenetik bazkari kopurua ere asko handituko zen, ezta?
Orduan egunean 400 bazkari inguruan ibiliko ginen. Gaur egun 800dik gora gabiltza askotan. Horri gehitu menu ugariak: alergien araberakoak, barazkijaleak… Horrek beste arreta bat eskatzen digu guri ere.
Umeek gerra emango dute baina baita bueltan ere, ezta?
Bai horixe. Sukaldean gabiltzala etortzen dira bi urteko umeak hona, ogi bila, eta beti ematen diet gaileta bana eta zelan hartzen duten! Umeentzako poza da hori.
“Oso polita izan zen (Lagun Ezkutua). Leihora atera nintzen, ume guztiak isilik… Barrura iritsi zitzaidan”
Aurten zeu izan zara Euskararen Egunean argitzen den “Lagun ezkutua”. Zelako esperientzia izan da?
Oso polita izan zen. Leihora atera nintzen, ume guztiak isilik… Barrura iritsi zitzaidan. Esan nien joan egingo nitzela eta askok uste zuten berehala izango zela. “Ezin dozu juen!”, esan zidan batek. Lehengo egunean beste batek, oinez nentorrela, “Agur Lagun Ezkutua!”… Hunkigarria izan zen, benetan.
Faltan hartuko ote duzu gero eguneroko hau?
Ez dut uste. Beste bizimodu bat izango da. Bikotekidea ere jubilatu da eta eskatzen dudan bakarra da osasuna izatea eta gero gerokoak!
Hori bai, esaten diet lankideei etorriko naizela tarteka gosaltzera, “eurek zaintzera”. Egia esan Mikelekin eta Raulekin oso oso ondo moldatu naiz. Elkarri galdetuz, lagunduz, berba eginda… Ondo.
Zeurea da azkeneko berba:
Esan nahi dut oso pozik egon naizela ikastolan. Txiripaz sartu nintzen eta oso gustura egon naiz urteotan. Eskertuta.
Ikastolako kide guztion izenean zueri eskerrak, Ana, urteotan guztiotan egidako lanagatik eta erakutsitako jarreragatik. Hobeto bizi aurrerantzean!