Hilabete ugari jardun ditu lanean Ainhoa Olaso Sopelanak (Durango, 1996). Kurutziagako ikasle ohiak, Enara Garcia (Leioa, Bizkaia, 1996) bidelagun zuelarik, Hemen bizi da maitasuna laburmetraia sortzen, ekoizten eta zuzentzen igaro ditu hilabete horiek. Lanak berak asebete izanagatik ere, bestelako saririk ere jaso du. Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian parte hartu zuen beraien lanak, eta Aukera mentoretza progaman hautatuak atera ziren bertatik. Proiektuak jaso duen babesagatik “eskertuta” daudela dio Olasok.
Zorionak! Espero zenuten Zinebi-tik saririk ateratzea?
Eskerrik asko! Ezer ere ez geneukan argi. Hilabeteak egin ditugu Enara Garciak eta biok Hemen Bizi Da Maitasuna proiektuagaz lanean. Aurtengo ekainean Aukera mentoretza programan hatutatuak izan ginen beste lau proiektugaz batera. Lan eta kide potenteak ezagutu ditugu programan, eta haiekin batera izan ginen sari banaketan. Beste bi proiektuk ere jaso zuten saria.
Gainera, Durangoko Udalak aurkeztutako Sormen beka ere jaso du proiektuak, oso pozik eta eskertuta gaude jasotzen ari garen erantzunarekin.
Nondik sortu zen Hemen bizi da maitasuna sortzeko ideia eta aukera?
Hemen Bizi Da Maitasuna fikziozko film labur bat da. Gidoia 2020ko urtean idatzi nuen, konfinamendua tarteko. Etxera sartu aurretik, enplegu bezala bideoak egiten nituen lagun bategaz, baina etxeratzeagaz ezin izan nuen aurreikusitako lanik egin. Baina banuen barne marmar moduko bat aurreko urtetik, eta bestela baino denbora gehiago neukanez, paper zuriaren aurrean jarri nintzen.
Hemen-ek (Euskal Herriko ikus entzunezko emakume profesionalen elkarteak) Aukera mentoretza programaren lehenengo edizioa aurkeztu zuen, neska gazteak zinema mundura hurbiltzeko aukera eskainiz. Horretarako, gidoiaz gain proiektua garatu behar zen eta Enara nire ikaskide ohia deitu nuen. Aurretik ere lan egin dugu elkarregaz. Horrela, batera landu genuen proiektua eta izena eman genuen lehiaketan. Ekainean jakin genuen beste lau proiekturekin batera aukeratuak izan ginela.
Ordutik asko landu dugu film laburra, alor guztietan. Oso pozik gaude egindako lanagaz, baina oraindik ere lan handia aurreikusten dugu.
Kontaiguzu, zertaz doa film laburra?
Film laburrean Matixaren istorioa kontatzen dugu, gurasoen etxetik emantzipatu gura duen gazte batena. Amagaz bizi da eta harreman intentsoa dute. Logela eta egonkortasuna hankaz gora jarrita, egoera lehertu egiten da. Finean, familiarengandik independizatzeko prozesuan leherkari bat kontatzen dugu, alabaren ikuspuntutik.
“Oroitzapen asko ditut, flashbackak izaten ditut batzuetan: Txotxe, konfiantza lantzeko ariketak, igeltsu usaina plastika gelan, andamioak…”
Zuzendari, ekoizle zein gidoilari lanak egin dituzu talde lanean. Zelakoa da lana? Zer da errazen egin duzuena, eta zer gehien kosta zaizuena?
Mentoretza programan, zinemako profesionalekin garatu ditugu lan horiek. Aspektu bakoitzak bere zailtasuna eta gozatzeko aukera du. Gidoia idaztea, zati handi batean, lan bakarti bezala bizi izan nuen, baina gustora aritu nintzen. Gero etorri ziren kontrasteak eta zuzenketak. Zaila izaten da batzuetan, zure istorioaren abokatu izaten ari behar zarelako [barreak]. Baina besteen ekarpenak jasotzea gustoko dut orokorrean.
Zuzendari legez, Enara eta biok elkarregaz egin dugu lan. Elkarlana ezinbestekoa izan da. Istorioari sakontasuna eman diogu, zentzu askotan. Erabaki hartze eta negoziazio konstante legez definituko nuke zuzendaritza lana.
Ekoizlearena da urrunen sentitzen dudan ardura. Aukera programa klabea izan da ildo horretatik ikasteko eta aurrerapausoak emateko. Finantziazioarena da puntu potoloenetarikoa, eta hor ere aurrera goaz, Durangoko Sormen beka eta Zinebiko saria gakoak izan dira horretarako. Dena den, lan hau beste kide batzuekin egin ahal izateko aukerak baloratzen ari gara.
Ikastolan antzerkia egin duenetakoa zara. Noiztik duzu begiz jota antzezlanaren, filmegintzaren mundua?
Zaila da azaltzen, gainera kontatu gura ez ditudan egoera kursiak etortzen zaizkit gogora [barreak]. Uste dut umetatik erakarri izan nauela sorkuntzak, baina agian kontziente izan barik. Musika asko entzun izan dut beti, pelikula asko ikusten nituen, oso txikitatik hasi nintzen argazki kamerak erabiltzen… Erabili eta botatzen diren horietakoak gogoratzen ditut, LHko Karrantzako irteerako argazkiekin akordatzen naiz! Ez dakit, dena den, uste dut unibertsitatean pentsatu nuela lehenengoz “oso ondo, ikus entzunezkoak sortzen asko gozatzen dut eta bide hau egin nahi nuke”.
Gogoratzen duzu DBH2ko antzerki hura? Oroitzapenik geratu zaizu iltzatuta?
Ikastolako antzerkian, batez ere proiektu batekiko dedikazioa, mimoa eta talde lana hurbilagotik ezagutu nituela esango nuke. Oroitzapen asko ditut, flashbackak izaten ditut batzuetan: Txotxe, konfiantza lantzeko ariketak, igeltsu usaina plastika gelan, andamioak… Ikaskideen artean, ohiko klase dinamiketatik kanpo, elkarlanerako esperientzia berriak izateko aukera izan zen.