2023/24 ikasturteko matrikulazioaren irizpideekiko desadostasunak

Idatzi honen bitartez matrikulazioan jazotzen ari den egoera salatu eta egoeraren larritasuna azaldu gura diogu gure komunitateari.

Otsailaren bukaeran amaitu zen 2023/24 ikasturterako aurre-matrikula kanpaina eta aste honetan jakin berri dugu ikastolan ikasten geldituko diren eta ikastolatik kanpo gelditzen diren familien zerrenda.

Orain arte, ikastolak zeukan matrikula hartzeko ahalmenaren barruan (gehienez 75), baremo bat aplikatzen zen. Hau da, matrikula kopuruak gaitasun maximo hau gaindituz gero, ikasleren bat kanpoan gelditzen zen puntuazio sistema baten bidez.

Aurten ez. Nahiz eta lekua egon ikastolan, Ikastolan ikasi nahi izan duten bost familia kanpoan gelditu dira eta beste leku batzuetara bideratu dituzte beraien matrikulak. Trukean, ikastolak beste ikastetxe batzuetako lau ikasle hartu ditu. Hau da, kanpoan utzitako familiak baino bat gutxiago. Joera hau ez da Kurutziagaren kasuan bakarrik gertatu; ezagunak egin dira Zarauzko eta Oñatiko kasuak.

Mugimendu horiek oraindik aurrera eroan ez den Hezkuntza Legearen zirriborroan kokatu behar dugu. Oinarrian Hezkuntza Administrazioak  ikasle zaurgarriak ikastetxeen artean modu orekatuan banatzeko xedea dago. Ikastolok bat egiten dugu helburuarekin, baina ez ikastetxeen jabegoaren edo ereduaren araberako diskriminazioa erabiltzearekin. Ikusitakoak ikusita, ez dirudi hori denik irizpide bakarra. Are gehiago, Hezkuntza Saila berak ipinitako baldintzak ere ez da betetzen ari

Hortaz, zera salatu gura dugu:

  • Kopuru hauekin ikastolaren matrikula eta hazkundea mugatzen ari dira. Ikastolatik kanpo utzitako familiak jasotakoak baino gehiago dira.
  • Gardentasun falta nabarmena dago familien zaurgarritasunaren kalkuluan, datuak eta prozesuak ezkutatzen ari dira. Are gehiago, matrikulen birbanaketa hau “bot” baten bidez egiten dela jakinarazi digute, hau da, algoritmo baten bidez. Hezkuntza pertsonak eta familiak zentroan jartzera eta haien garapenera begira badago, ez da posible algoritmo baten bidez funtzionatzea, eta erabakitzea.
  • Badakigu, halaber, Ikastola batzuetan sarbidea ukatu zaien ikasleak euskarazko eredutik gaztelerazko eredura bidali dituztela, edota, ikastolan bazkide diren familietako umeak kanpoan utzi gura dituztela.

Horren aurrean, Kurutziagak ikastolen ereduaren eta sarearen defentsa egingo du, eta baita  gurean hazi eta hezi gura duten umeena eta haien familiena. Dagozkigun ardurak hartzeko prest gaude baina ez gure ereduaren aldeko hautua egin duena bazterrean uzteko. 

Bukatzeko, Euskal Herriko Ikastolen elkarteko kide garen heinean (ATXIKITA EHI-ren OHARRA), gainerako ikastolekin koordinazioan eta irizpide bateratuekin jardungo dugula adierazi gura dizuegu. Egun eta hilabete erabakigarriak datoz, EAEko hezkuntza sistemaren zelakotasuna urteetarako baldintzatuko dutenak. Kurutziagako komunitateko kideoi informatzeko eta edozein zalantzaren aurrean guregana jotzeko eskatzen dizuegu. 

 Kurutziaga Ikastola