Trikitixa eta pandero ikastaroak Kurutziagako instalakuntzetan: “Ikastola gelak uzteko prest agertu zen lehen momentutik, asko eskertu behar diogu”

Ainhoa Bereikua (ezkerrean) eta Mirari Azkune (eskuman)

Badatoz inauteriak, eta horiekin batera euskal kulturaren parte diren ohitura, dantza… eta instrumentu ugari, artean trikitixa eta panderoa. Hain zuzen ere, trikitixa eta pandero ikastaroa eskaintzen zuen talde bat Kurutziagako instalakuntzetara etorri zen ikasturte hasieran, hainbat urtetan Durangoko lokal batean eskainitako eskola orduetatik kanpoko klaseak eskaintzeko asmoz. Ainhoa Bereikua, Mirari Azkune eta Andere Astigarraga dira irakasle ikastaro horietan. Bereikuagaz eta Azkunegaz egin dugu berba.

Nola heldu zarete ikastolaraino?

Ainhoa Bereikua: Urteak daramatzagu ikastaro hauek eskaintzen. Ordea, jakinarazi ziguten ez genituela betetzen lokal bat edukitzeko beharrezko baldintzak, beraz leku bila hasi ginen. Pandemia etorri zen eta online bidez ematen hasi ginen klaseak, ikastolaren aukera heldu zenera arte. Ni guraso naiz hemen, eta bertan galdetzea otu zitzaidan. Ikastola gelak uzteko prest agertu zitzaigun lehen momentutik, eta asko eskertu behar diogu zuzendaritzako jendeari. Unai Zamalloak giltzak eman zizkigun eta gaur arte.

Trikitixa eta pandero ikastarokoen argazki bat, Olentzero eta Mari Domingiren desfilean.

Pandemiak eragina izan du zuen jardunean?

Mirari Azkune: 2019-2020 ikasturteko martxora arte lehengo lokalean aritu ginen; martxotik ekainera online egitea besterik ez geneukan. Iaz, nik online ematen jarraitu nuen.

A.B.: Nire kasuan ezin. Mirarik trikitixa irakasten du eta nik, berriz, panderoa. Nire kasuan zaila, edo ezinezkoa da online ematea klaseak. Kaletik galdetzen zidaten ea noiz hasiko genituen klaseak, eta ikasleren baten txokoan elkartzen ginen noiz edo noiz. Baina beste talde batzuk ere zintzilik geratu ziren.

 

Zenbat ikasle batzen zenituzten pandemia aurretik?

M.A.: Lagun talde polita osatu genuen eta gehienak nagusiak ziren. Jende hori ez da musika eskola batera joango, beraz Ainhoak esan bezala zintzilik geratu behar ginen, eta badakit online klaseak ematen hasi ginenean jende asko galdu genuela. Teknologiagaz ez zirelako moldatzen edo dena delakoagatik ez ziren batzen, eta galdutako jende hori ez dugu berreskuratu. Dozena bat ikasle galdu nituen, eta egun Andere [Astigarraga] eta biok 20 ikasle ditugu.

Bereikua: “Klaseetan gaur egungo talde askoren abestiak erabiltzen ditugu panderoa jotzeko”

Azkune: “Panderoa jotzen ikastea errazagoa da trikitixaren aldean”

Zelan kudeatzen dituzue klaseak? Zelan antolatzen zarete?

M.A.: Nik banaka ematen diet. Ordu bakoitzean hiru ikasle ditut, bakoitza gela batean sartzen da eta ni gelaz gela joaten naiz, bakoitzagaz 20 minutu inguru eginda. Nigaz ez daudenean praktikatzen dihardute. Bakoitzak bere trikia ekartzen du. Eta bakoitzak bere metodologia du, nik metodologia horietan aurrera egiten laguntzen diet.

A.B.: Panderoan ere ikasle berririk ez dago, gugaz urte batzuk daramatenak dira. Berriak etortzen direnean, nahasketak egiten ditut, dakitenak ez dakitenekin. Edozein musika tresnagaz hasierak beti dira aspergarrienak, errepikakorrak izaten direlako eta monotonoak. Inguruko esperientzaidunak zelan doazen eta egiten dutena ikusteak asko laguntzen die.

Pandero ikastaroko kideak

Zer da irakasten zailena?

M.A.: Zailena etxean praktikatzeko denbora ateratzea da. Baina esango nuke panderoa jotzen ikastea errazagoa dela, trikitixaren aldean. Trikitixak erreportorio anitzagoa du, panderoak agian erritmo mota gutxiago.

A.B.: Pentsa ezazu, klaseetan gaur egungo talde askoren abestiak erabiltzen ditugu penderoa jotzeko. Ez dakit zenbat talde ezagutu ditudan jadanik: ETS, Mon Amour… Panderoak 3 erritmo ditu. Zailena apaingarriak egoki egitea eta jendearengana izan behar duzun irisgarritasuna edukitzea da. Trikitilariak jotzeko lana du, eta panderojoleak jendeagaz hartu emana egiteko.

 

Zein helburu dituzue talde legez?

A.B.: Pandemia aurretik eta ostean asko aldatu da kontua. Lehen beste toki batzuetara joaten ginen: San Antoniotan Urkiolara, San Blasetan Abadiñora, Zaldibarren bazkariak egiten ziren… eta Bizkaiko beste trikitilari eta panderojole taldeekin ere harremana egiten zenuen. Kalean geunden. Batzuek “astunak” ginela ere esaten ziguten.

M.A.: Orain aldiz bizirauteko helburua dugu, besterik ez. Gugaz ari direnei zor diegu klaseak eskaintzea, klaserik barik ez uztea. Nik 2020ko martxotik gaur arte erromeria bakarra zan dut, esaterako.

Erreleborik ikusten duzue? Ala zelan ikusten duzue hemendik aurrerakoa?

A.B.: Ez dugu ikusten gure osteko jendea badatorrenik. Nik 51 urte ditut, eta 30 urte inguruko jendea badago, baina euren atzetik datorrenik ez. Hutsune bat dago hor.

M.A.: Oso zaila da, orokorrean gazteek hainbat eskolaz kanpoko jarduera dituzte, eta denboraz larri dabiltza beti. Eta trikitixak, alde batetik, denbora eta dedikazioa eskatzen du. Gainera, kostu ekonomiko bat ere badu. Beraz, alde horretatik oso zaila dago.