Gotzone Duñabeitia Kintana (Kurutziagako Zuzendari Pedagogikoa)
Aurreko bariku arratsaldez eta zapatu goizez auzolanean eginiko lanek emaitza ezin hobea izan zuten. Elkarlanean eta giro umoretsuan hainbat garbiketa eta konponketa lan burutu genituen kanpo espazioan. Belarra moztu, eskailerak eta inguruak margotu, egurrezko egiturak konpondu eta garbitu…
Eguraldia lagun, lanerako gogotsu eta amaieran merezitako hamarretakoa ahaztu barik. Esperientzia polita eta aberatsa denon artean gauzatu genuena, izan ere lanak lan izateari uzten baitio taldean eta guztiontzako onuragarri bihurtzen denean. Auzolana guztion artean lankidetzan gauzatzen den ekimena izanik gure hezkuntza eredu eta garapenean ezinbesteko ezaugarri bihurtu behar dugu. Egungo zein etorkizuneko erronkei erantzuteko partaidetza eredu propioa eraikiz.
Eskerrak beraz, bertaratu zineten guztioi. Langile talde, guraso eta ikasle, erantzun bikaina eta giro aparta lortu baikenuen denon artean-eta!
Hemen dituzue auzolaneko zenbait argazki: