“Pantailen gehiegizko erabilera egiten dugu eta neurriak hartu behar ditugu”

Mirene Beriain Rodriguez lehen arretako pediatra da Osasun Sailean eta baita Altxa Buruko kidea ere. Datorren maiatzaren 27an berbaldia eskainiko du HHko familientzat, 17:30ean. Guk16-Altxa buruko kideek antolatutako berbaldian, umeen garapen prozesua eta gaur egungo pantailen erabilerak bide horretan duen eragina azalduko du. Hitzaldian parte hartzeko gogoratu galdetegia betetzea maiatzaren 23ra orduko.

Zergatik hasi zinen arlo honetan interesatzen eta ikertzen?
Hasiera batean nire ama roletik hasi nintzen gai honen inguruan gehiago hausnartzen. Nire seme nagusia LH 5en zegoenean, inguruko umeak Smartphonea eskuratzen hasi ziren eta horrek gertuko kezka hori piztu zuen. 2021ean izan zen hori eta ordutik buru-belarri ibili naiz gaiaren inguruan ikasten eta baita nire lanean arazo gehiago ikusten ere. Ordutik, arreta berezia eskaintzen diot kontsultan ere gai honi eta orokorrean pantailen erabilera orduak gehiegizkoak direla argi eta garbi ikusten dut.

Zer aldatu da azkeneko urteetan?
Gaur egun, egiten dugun pantaila eta gailuen erabiliera (bai helduok zein ume eta nerabeek) gehiegizkoa dela geroz eta argiago dugu, eta baita neurriak hartu behar ditugula. Hala ere, oraindik, ohitura horiek aldatzeko bide luzea dugu aurretik. Lehenengo, helduok “burua altxatu” behar dugu. Erakunde zientifikoek ume eta nerabeen pantailen erabilerarako gomendioak plazaratu eta eguneratu dituzte azken urteetan. Guraso askok ez dituzte gomendio hauen nondik norakoak eta beren zergatia ezagutzen. Gaur egun, ume eta nerabeek egiten duten erabilera oso urrun dago gomendio hauetatik. Profesionalei eta osasun arloari dagokigu gomendio horiek ezagutaraztea eta sustatzea. Ezjakintasunetik ezin dira aldaketak martxan jarri.

Zer gai landuko dituzu Kurutziagan emango duzun hitzaldian?
Haur eta nerabeen garapen prozesua nola gertatzen den azalduta pantailen gehiegizko erabilerak prozesu honetan nola eragin dezakeen azalduko dut. Baita erabilera desegokiaren ondorioak eta pediatria arlotik egungo gomendioak zeintzuk diren ere. Ezagutzak, kontzientzia pizteak, ahalbidetzen baititu aldaketak.

Zergatik kezkatu beharko genuke gurasook gai hauetaz?
Gure haur eta nerabeen garapen eta osasun fisiko eta psikologikoari eragiten dion zerbaiti buruz ari gara. Ez da gauza txikia beraz. Beraiek dira gure gizarteko altxorrik preziatuena eta gure zeregina da guraso bezala, eta nire kasuan profesional bezala, haur hauen garapen osasuntsua ahalbideratzea eta sustatzea.