Azaroaren 25ean jai izan genuen ikastolan, baina indarkeria matxistaren aurkako aldarrikapen eguna azaroaren 22an egin genuen. Etapa bakoitzak bere ekintza propioekin landu zuen gaia. Nerea Irigoien eta Aitziber Zearreta Kurutziagako Hezkidetza Taldeko arduradunek arlo honetan ikastolan martxan jarritako proiektuak azaldu dituzte.
DBHko ikasleek indarkeria matxistaren inguruan urte osoko programa baten parte hartuko dute Urtxintxa eskolaren eskutik. Zertan datza?
Nerea Irigoien: DBH 2.mailako ikasleei zuzendutako indarkeria matxistaren aurkako prebentzio programa da. Azaroan hasi eta ikasturte amaiera arte luzatuko da, 16 ordu guztira. Urtxintxa eskolaren eskutik jasoko dute prebentzio programa. Badira jada zenbait urte Urtxintxa eskolakoekin elkarlanean dihardugula ikastaro ezberdinetan. Ikastaro honetan, alde batetik, indarkeria matxistari loturiko edukiak lantzeko hezkidetza saioak izango dituzte eta bestetik, feminismoaren baitan esanguratsuak diren egunak oinarri hartuta (A25, M8 eta M17), egun bakoitzarekin loturiko edukien inguruko hitzaldiak izango dituzte.
Aitziber Zearreta: Nereak esan bezala, ikastolan duela hainbat urte Urtxintxa eskolaren eskutik formakuntza saio espezifikoak jasotzen ari dira gure ikasleak. Aspaldi detektatu genuen, DBHn jarrera batzuk oso normalizatuta zeudela eta egoera ikusita, zuzendaritzarekin batera DBHko ikasleei indarkeria matxistaren inguruko formakuntza espezifikoa eskaintzea erabaki genuen. Ikasleei gure gizartearen egiturazko indarkerien nondik norakoak ulertzen laguntzeko.
DBH1.mailan: INDARKERIA MATXISTARI AURRE EGIN.
DBH3.mailan: AUTODEFENTSA FEMINISTA ETA GIZONTASUNA(K).
DBH 2.mailan: Aurten, Nereak azaldutako INDARKERIA MATXISTAREN AURKAKO PREBENTZIO PROGRAMA hau martxan jarri dugu.
Hezkidetzak zein garrantzia dauka ikastolako proiektuaren barruan?
Aitziber Zearreta: Ikastolako curriculum proiektuan jasota dagoen bezala, ezinbesteko zehar lerroa dugu hezkidetza. Aukera berdintasunean oinarritutako hezkuntzan sinesten dugu eta uste dugu eraldaketa, txiki-txikitatik hezten emango dela; gu hazi bat baino ez gaude ereiten gure ondorengoak gizarte feministago batean bizi daitezen.
Irakasleok, Sexu Hezkuntzako formazio garrantzitsu batean murgilduta zaudete. Zer nolako saioak jasotzen ari zarete?
Nerea Irigoien: Jada, sexu hezkuntzari loturiko bi saio izan ditugu; biak Ibai Fresnedoren eskutik. Lehenengo saioa ikasturte hasieran izan genuen. Saio orokor hartan, hiru etapetako (HH, LH eta DBH) irakasleok batera aritu ginen. Gure egunerokotasunean sexualitateari eta sexu hezkuntzari buruz izaten ditugun ohiko galderak erantzun zizkiguten, sexualitateak gure gizartean duen garapenaz jardun genuen, sexu heziketaren oinarriak mahaigaineratu genituen eta sexu eskubideen inguruan aritu ginen, besteak beste. Bigarren saioan, ordea, etapa bakoitzak bere aldetik jardun dugu. Saio espezifikoak izan dira, etapa bakoitzeko errealitate eta behar izanetara egokituta.
Hirugarren eta azken saioa egiteke dugu oraindik. Otsailean burutuko dugu. Ikastaroaren helburua sexu hezkuntza gure programazio didaktikoetan txertatzea da.
Aitziber Zearreta: Sexu hezkuntzaren gaia beti izan dugu presente, baina duela urte dezente diagnostiko txiki bat egin genuen ikastolan: etapa bakoitzean gai hau nola eta zein edukiren bidez lantzen genuen aztertzea zen helburua. Ondorio nagusia: ikastolan gaiarekiko ikuspegia bateratzeko beharra. Ordutik erronka nagusi bilakatu den arren, bateratzerako orduan zailtasunak izan ditugu, etapa bakoitzak beste hainbat helburu edo lehentasun izan baititu. Aurten, gaiari hiru etapok heldu diogu eta “HIRUKI LARROSA” elkarteko kide den IBAI FRESNEDOREN eskutik formakuntza jasotzen ari gara. Dagoeneko bi forkuntza saio jaso ditugu eta datorren hiruhilabetean hirugarrena jasoko dugu.
A25ean ikastolan jai izan denez, azaroaren 22a izan zen aldarrikapenerako eguna. Zelan gogoratu zenuten data hori ikastolan?
Nerea Irigoien: Talde feministako ikasleek Beldur Barik lehiaketan parte hartu dute.
Aitziber Zearreta: Azaroak 25a, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna, aspaldi errebindikazioz betetzen ari gara ikastolan. Geletan gaia sakon lantzen dugu eta egunean bertan ekintza kolektibo ugari egiten dugu. Aurten azaroaren 25a jai eguna izan dugunez, ekintza kolektiboa azaroaren 22an egin dugu: HHn geletan EZ! dio munstro txikik eta Luxia untzi txikia ihesi ipuinak landu dituzte eta Kikoren araua bideoa euskaratu eta geletan ikusi dute. Azaroaren 22an, Plazan elkartu ziren HH 3, 4 eta 5ekoak. Bideoa ikusi eta eskuak borobil morez margoztu zituzten, eta eskuarekin ezetz esanez, argazkia atera zuten. Bukatzeko dantzaldia egin zuten.
LHn, geletan, indarkeria matxistari buruz hausnartu eta eztabaidatu genuen. Ondoren, nahi ditugun tratu onak identifikatu, adostu eta erabaki genituen. Adostutako tratu onekin horma-irudi bana sortu eta egindako lanak harmailetan jarri genituen ikusgai. DBHn, talde feministako kideek Beldur Barik lehiaketan parte hartu zuten.
Esan, azken urteetan indarkeria matxistaren inguruko hausnarketa edo prozesua bideratzen ari garela. Ikasleei indarkeria mota hauek detektatzea edo sentitzea kosta egiten zaie askotan eta ondorioz, hainbat gizonezko edo mutil gure aliatu izatea zailagoa da. Hezkidetza egitasmoaren helbururik nagusiena, ikasle bakoitzaren barne prozesuan eragitea da. Honetarako, hezkidetzatik hausnarketarako baliabide eta materialak eskaintzen dizkiegu. Eta aldi berean, komunitatean hausnarketa eta elkar-trukaketa aberasten dugu, kolektiboki eraldatuko baitugu etorkizuneko komunitate feminista.
Zeintzuk dira hemendik aurrera ezarri gura dituzuen erronkak?
Nerea Irigoien: Ikasleei berdintasunean oinarritutako harreman osasuntsuen ezaugarri eta ereduak erakustea. Indarkeria matxista, forma guztietan, detektazeko estrategiak eskeintzea. Honetarako, ordea, ezinbestekoa da hezkuntza komunitate osoaren inplikazioa. Familiek ere sexu heziketari buruz jardun behar dute haien seme-alabekin.
Aitziber Zearreta: Momentu honetan dugun helburu nagusienetariko bat, bizikidetza-hezkidetza plan bateratu bat izatea da. Ikastolan Elkarbizitza Plana eta Hezkidetza Plana ditugu. Orain, bi hauek uztartu eta bizikidetza-hezkidetza plan bateratua sortzen ari gara. Beste helburu nagusi bat, egiten dugun guztia komunitatera zabaltzea da. Lan asko egiten dugu eta gauza politak sortzen eta bizitzen ditugu, baina askotan kostatu egiten zaigu egiten dugun hori komunitatearekin konpartitzea. Bi helburu nagusi hauez gain, gure xede nagusia berdintasunean eta aniztasunean oinarritutako hezkuntza bultzatzea denez, beste hainbat erronka ere baditugu esku artean.