Haritz eta Lier Eizagirre aita-semeak Mihiluze saioan parte hartzen ari dira. Haritz Kurutziagako gurasoa da, eta Lier ikasle ohia. Bikain ari dira telebistako lehiaketan. Hiru aste daramatzate parte hartzen. Aurrera jarraituko ote dute beste aste batez? Informazio hori jakin nahi duenak telebista piztu eta ETB1eko programa ikusi beharko du.
Zelako esperientzia izaten ari da?
Haritz: Esperientzia oso ona izaten ari da. Atsegina, zerbait berria… Nire kasuan, gainera, semearekin telebistara joateko aukera izatea, guraso bezala, esperientzia oso polita da. Lantalde bikaina da, jatorrak eta oso ondo tratatu gaituzte.
Lier: Niretzako hau fantasia bat da. Sofatik ikusten nuen egunero etxean, aitagaz eta anaia txikiagaz. Eta orain, ikasketengatik Donostian bizi naizen arren, ikasle pisuan ere ikusten dugu. Saio guztiak zelan funtzionatzen duen barrutik ikusita eta zeinen ondo tratatzen gaituzten kontuan hartuta, oso pozik nago. Gainera, nire aitari zin egin nion 18 urte egiten nituenean lagun batekin joan beharrean beragaz joango nintzela parte hartzera. Eta hori azkenean bete egin da.
Zuen parte-hartzea modu bereziren batean prestatu duzue?
Haritz: Lier hieroglifikoak egiten artista hutsa da, ziztu bizian harrapatzen ditu. Entrenamendu berezirik ez dugu egin, jokoaren dinamika ezagutu eta hortik dator gure jakinduria eta entrenamendu guztia.
Lier: Egia esan, askorik ez. Egunero saioa ikusteaz gain, hieroglifikoek zelan funtzionatzen duten konturatzen hasten zara.
Zenbat egunetan parte hartu duzue, aurreratu baliteke?
Lier: Momentuz hamaikagarren saiotan agertu gara (elkarrizketa abenduaren 17an egindakoa da). Aste osoko programak ostegun eguerdi-arratsaldean grabatzen dira. Esaten dizute lau kamiseta eramateko, eta irabazten bazoaz aurrera egiten duzu, eta bestera eliminatu eta etxera. Guk helburua lehenengo egunean joan eta erridikulua ez egitea zen, eta behintzat lehenengo eguna pasatu genuen. Orain, espero barik, aurrera joan gara.
Haritz: Hasieran helburua lehenengo programa pasatzea zen, lehenengoan kalera ez joatea. Gero apurka-apurka, bat pasa, bestea pasa… hirugarrena eta laugarrena; aste osoa grabatu genuen. Orduan konbokatu gintuzten hurrengo ostegunerako berriro joan behar ginela. Lanera joan nintzenean jai egun bat eskatu behar izan nuen ostegun bat libre edukitzeko. Hurrengo ostegunerako, aurreikusita, lankideekin txanda batzuk aldatu eta esan nuen: “Badaezpada, beste ostegun bat ere libratuko dut”. Bi ostegun oso, hau da, zortzi programa, eta hirugarren ostegunean ere joan ginen. Orain emititzen ari direnak, hirugarren ostegunean grabatutakoak dira. Ikusiko duzue zenbat irauten dugun, horraino kontatuko dizuet.
Mihiluzek zer dauka berezia?
Lier: Nik uste dut gazte jendeari gustatzen zaiola gertuko zeozer dela ikusten duzulako. Ez daukazu gaur egun telebistan edukiak kontsumitzen dituzunean holako beste programa bat, euskaraz eta zure zaletasunen inguruko galderak egiten dituena. Euskal musika, euskal taldeenak , gaur egunekoek, zuk entzuten dituzun artisten galderak… Bestalde, engantxatu egiten du. Dinamikoa eta dibertigarria da. Etxetik ikusita ondo pasatzen dut eta bertan parte hartzen ere bai.
Haritz: ETB1eko programa dela, euskaraz egiten den lehiaketa bat. Oso gertukoa. Kultura orokorra baino, euskal kulturari asko lotutakoa; bai hemengo artisten abestiak, liburuak eta literatura… Beraz, euskal kultura bultzatzen duen lehiaketa bat da.





