LH: ikasturte amaierako jaialdia

“Nire bizitzako jolasaldirik luzeena eta dibertigarriena izan da gaurkoa!” zioen pozarren LHko ikasle batek iragan bariku eguerdian. Izan ere, ume bati egin ahal zaion oparirik ederrena jaso zuten gure ikasleek: goiz osoa jolasean igaro zuten!

Jolastokia sei gunetan banatu eta gune bakoitzerako maila batek hainbat jolas prestatu eta antolatu zituen, gustu, gaitasun eta gogo guztientzako moduko jolasak: mugimendu-jolasak, lasaiagoak, punteriakoak, malabareak, musika…

Harmaileta bi gunetan banatu genuen. Batean,  6. mailako ikasle eta irakasleek antolatuta, baloi-eserian eta malabareekin jolastu ahal izan ginen. Bestean, LUDO-FERIA eskaini ziguten 2. mailakoek: mahai jolasak, punteria jolasak, oreka jolasak, klarionekin (p)arte-hartzen, fotokola…

Frontoiko gunea 3. mailakoen eskutik antolatua izan zen: diana erraldoia,
latatala eta dantza-patataz gozatu genuen.

Anfiteatroan, 1. mailakoek soka-saltoa, indiakak, frisbee eta gorputz-perkusioan aritzeko aukera eman ziguten.

Sumendi inguruan, 5. mailakoek antolatuta uztaiaren eta kamisetaren jolasetan aritzeaz gain, yoga for kids praktikatu eta indarrak berreskuratzeko aukera izan genuen.

Bukatzeko, porlanean, 4. mailakoek prestatutako jolasekin gozatu genuen: arku-tiroa, oztopo-lasterketa eta lima-limoia.

Labur joan zen goiza eta zoragarria izan zen umeen gozamenaz kutsatzea! Berriro ere irribarreak musukoei gailendu zitzaizkien.