Leire Bilbao idazlea eta ikastolako gurasoa gurean izan da: “Berbaren garrantzia aldarrikatu behar dugula uste dut”

Leire Bilbao idazlea eta ikastolako gurasoa gugana etorri zen astelehenean, Maite Mutuberriagaz batera argitaratu zuen ‘Barruko hotsak eta beste soinu txiki batzuk’ olerki liburua errezitatzera HHko bigarren zikloko haurrei. Kontaketaren bitartez, haur bakoitzak irakurketa bat egin dezan bultzatzen du liburuak, eta horrek, Bilbaoren esanetan, “bakoitzak bere barrura begiratzea” laguntzen du.

Zertan datza ‘Barruko hotsak eta beste soinu txiki batzuk’?

Esnatzen garenetik lokartzen garenera arteko hainbat soinu batzen ditu ipuinak. Haur baten egunerokoa osatzen dute soinu-banda bat. Begiak zabaltzen ditugunean “klik” soinua, haginak garbitzen ditugunean olstuen soinua datorkigu, ideia bat dugunean bi edalontzik topa egiten dute. Hortik hasi eta, ikastolara goazenean, jolasten garenean, korrika egiten dugunean… eta etxera heltzean oheratzerakoan ditugun soinuetara arte.

Maite Mutuberriagaz batera egin duzu lan hau.

Hotsekin jolasten dugu, baina baita konposizioekin, Maite Mutuberriaren ilustrazioen bidez. Kaligramak daude liburuaren barruan, hau da, hitzen bitartez formak sortzen dira: pertsona baten irudia, euriarena…

Nola heldu horiei guztiei? Interpretaziorako aukera asko dago?

Bakoitzak interpretazio desberdin bat ematen dio soinu bakoitzari. Nik umeei galdetzen diet ea zer soinu egiten duen elementu batek edo bestek, eta hor ikusten da bakoitzak egin duen interpretazioa. Hemen ariketa ere bada olerkiak kontatzean bakoitzak bere barrura begiratzea eta zer soinu duen barruan arakatzea. Hori ere bada literaturaren jolas bat: bakoitzak bere barrura begiratzea.

Zein punturaino dira garrantzitsuak liburuak umeentzat?

Berbaren garrantzia aldarrikatu behar dugula uste dut. Badu bere garrantzia hizkuntza aldetik, hizkuntza gutxitu batean ari garelako gure kasuan; eta baita literaturaren garrantziatik begiratuta, olerkien garrantzia aldarrikatu gura dut. Adin hauetako umeentzako poesiak onomatopeia asko ditu, eta umeek ere komunikatzen dute horien bitartez. Ulertarazi behar zaie berba ere jolas bat dela, mugikorrekoak diren bestekoak.

Zure kasuan, nola lotu zinen olerkira?

Dena entrenatzen da. Umeek badakite kirola egiten entrenatu egin behar dela, eta beste gauza batzuekin ere entrenatu behar da. Nik zortea izan nuen Jon Lopategi bertsolaria etortzen zitzaigula gelara, eta hor hasi nintzen, 13 bat urterekin, berbagaz jolasten.

Euskarak ere behar du sorkuntza.

Ni sorkuntzan eta kulturan nabilen aldetik, argi daukat badudala hizkuntza txikituaren aldeko jarrera bat eta, gura bada, militantzia bat. Eta argi dut euskaraz sortzen dugula sinisten dugulako euskaraz sortu behar dugula eta euskaraz eta euskaratik munduratu garela, gure txikitasunetik eta gure gertutasunetik.

Baduzu hitz edo soinu gogokorik?

Ondarroan bada onomatopeia bat: Dzanga. “Murgildu” esan gura du. Murgildu gaitezen poesian. Dzanga egin dezagun euskaraz. Dzanga poesian, ikastolan. Dzanga egin dezagun ur hauetan.

 

ASTELEHENEKO ARGAZKIAK